Grebarekin bukatzea erabaki dute, baina eskaerak ez dira bete
Donostiako Udaleko eraikinetako garbitzaileek soldata arrakalarekin bukatzeko bi eguneko greba egin dute aste honetan. LSB sindikatuak FCC enpresarekin sinaturiko aurreakordioak eragin du greba etetea.
Lan baldintzak hobetzeko protesta ugari egin dituzte udal eraikin eta egoitzetako garbitzaileek. FCC enpresak azpikontratatutako langileak dira guztiak. Soldata arrakalarekin bukatzeko eskatzen dute emakume garbitzaileek. Hau da, maila berean dauden gizonezko garbitzaileen soldata bera jasotzea.
Astelehenean greba mugagabea hasi zuten ELA eta CCOO sindikatuen babesarekin, eta bi egun beranduago bertan behera uztea erabaki zuten. Lehenik, LSB [USO gaztelaniaz] sindikatuak aurreakordio bat sinatu zuen, gutxiengoan, FCC enpresarekin. Bigarrenik, CCOO sindikatuak aurreakordioa onartu ez arren, greba uztea erabaki zuten. Egoera horren aurrean, ELA sindikatuak greba etetea erabaki zuen. Dena dela, langileek hurrengo astean batzarra egingo dute mobilizazio egutegi berria adosteko.
Soldata arrakala
Donostiako Udalak orain dela urte batzuk erabaki zuen garbiketa zerbitzuak azpikontratatzea. Bai kalekoak eta bai udal eraikin eta egoitzetakoak. Gaur egun bi zerbitzuak FCC enpresa pribatuak kudeatzen ditu. Eraikinak garbitzeko sektorea emakumez osaturiko sektorea da; langile guztien %95 emakumeak dira. Kale garbitzaileen %80a, berriz, gizonezkoak dira. Bi lan esparruetako baldintzak oso desberdinak dira, eta generoaren araberako soldata arrakala ematen da.
Lan berdina egiteagatik baldintza eta soldata hobeak dituzte kale garbitzaileek. ELA sindikatuak salatu duenez, eraikin garbitzaileek urtean 1.200 euro gutxiago jasotzen dituzte, dagozkien plusak kenduta ere. «Gu ziur gaude horren arrazoia emakumeak izatea dela, haiei dagokiela garbitzea, eta haiek dauden tokietan prekarietatea dago». Egoera horren errudunak bi direla dio ELAk: «Enpresa eta udala dira errudunak. Bata, langileei soldata desberdinak ordaintzeagatik, eta bestea, zerbitzu biak neurri desberdinekin arautzeagatik».
Langileen aldarrikapenak ezagutzen ditu udal gobernuak. «Baina PSE-EEk eta EAJk ukatu egiten dute soldata arrakala dagoenik», azpimarratu du ELAk. Horren aurrean, sindikatuak dei egin die enpresari eta udaleko arduradunei egoerari irtenbide bat emateko. «Gehiengoarekin sinatuko den eta soldata arrakalarekin bukatuko duen akordioa eskatzen dugu».