Behobia-Donostia ikustera etorriko da atleta ezaguna, Fortunaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko elkarlanari esker. Kirolean erreferentea da emakumearen berdintasunaren aldeko borrokan.
Behobiako irteeran eta Donostiako helmugan izango da Kathrine Switzer (Amberg, Alemania, 1947). Bostongo maratoia korritzen lehen emakumea izateagatik da ezaguna. 1967ko apirilaren 19an izan zen, eta ordura arte gizonezkoek bakarrik parte hartu zezaketen. 4 ordu eta 20 minututan bukatu zuen proba. Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean ondorengoa azpimarratu zuen: «Bizitzako erabakirik garrantzitsuenetako bat hartu nuen: lasterketa bukatzea».
Bere balentriak eta lasterketako irudiek munduari buelta eman zioten, eta aitzindari bihurtu zen emakumeek korrika egin zezaten. Gaur egun, lasterketetan parte hartzen jarraitzen du Switzerrek, eta 261 fearless elkarteko arduraduna da. «Mundu osoko emakumeen sare bat osatu dugu, korrika eginez ahalduntzeko, eta berdintasunean urratsak egiten segitzeko. Gainera, babesleak bilatzen ditugu lasterketak antolatzeko».
54. Behobia-Donostia ikusle bat gehiago izango da Switzer. Ezin izango du korritu, min hartuta dagoelako. Halere, lasterketaren hainbat ekitalditan parte hartuko du. Esan bezala, igandean irteeran izango da 10:00etan, eta Bulebarreko helmugan, berriz, 11:30ean.
Elkarlanaren emaitza
Fortuna kirol elkartearen eta Deustuko Unibertsitatearen elkarlan akordioari esker lortu dute Switzer Euskal Herrira ekartzea. Lasterketa egunean ez ezik, beste hainbat jardueretan parte hartuko du. Astelehenean, hilak 12, harrera egingo diote Gipuzkoako Foru Aldundian. Azaroaren 13an, berriz, DeustoForum Gipuzkoa konferentzian parte hartuko du. 9:30ean hasiko da.