Amaia Portugal: 'Pistak eta puntuak'
Gauzak ondo, hurrengo astelehenean zeharo zaharkituta geratuko da zutabe hau. Futbolean dena baita bor-bor. Hiru puntu aski dira beltz ikusten genuena zuritzen hasteko. Horregatik, berandu baino lehen idatzita utzi nahi nituen Anoeta berriari buruz ditudan usteak. Idatziz gero, hainbeste ustelduko ez direlakoan.
Ligako bost partida jokatu ditu dagoeneko Realeko gizonezkoen lehen mailako taldeak atletismo pistarik gabeko zelaian, eta bakar bat irabazi ez. Gertutasunak jokalariak bultzaraziko zituela agindu ziguten. Epaileak kikildu. Puntu gehiago eman. Baina gaurtik gaur, aurreko denboraldiko etxeko lehen bost partidatan baino txikiagoa izan da uzta, eta hara non, finago dabiltza txuri-urdinak kanpoko norgehiagokatan.
Jokalekura egokitu beharra dagoela esango dute batzuek. Izan ere, atletismo pistak ez ezik, eurite handienei ere bikain eusten zien soropil eder hori galdu baitugu. Berri honek satorzuloak dauzkala dirudi, denbora behar omen du egonkortzeko… Eta neure buruari galdetzen diot, hain gupidagabea den negozio honetan, zergatik izan behar dugun jokalariekin edo entrenatzaileekin baino pazientzia handiagoa berdegune batekin.
Ez dut esango poztu egiten nauenik pistarik gabeko Anoetan Realak zer puntu gutxi bildu dituen ikusteak. Baina bai, haserretu egingo nintzatekeela, bat-batean dream team baten gisan jokatzen hasi izan balira, zelai berria gehiago gustatzen zaielako. Sinetsita bainago, gutako edonor saiatzen dela gauzak ahalik eta ondoen egiten lanean, nahiz eta bizkarrean hooligan kuadrilla baten hatsa sumatu ez. Futbolariek, gainera, soldata bera badute nahikoa hats…
Anoeta berria ederra izango da. Baina onar dezagun ez zela ezinbestekoa. Kapritxo bat izan dela. Kapritxo oso garesti bat. Behar, behar… Monpasko pasabidea edo Pintxoaren Institutua bezain beharrezkoa zen beste hau ere.