Danele Sarriugarte: ‘Biharamunean, berriro’

Danele SarriugarteAurrez diotsuet: ez naiz batere original arituko. Donostiaz idazteko eskatu didate eta nola ez dut ba Rekalde taberna aipatuko. Probintziakoa naiz, izatez. Elgoibarkoa. 2014an etorri nintzen hona bizitzera, abuztuaren 30ean. Datarekin akordatzen naiz, herriko jaien ostea neukalako, eta pizza afaldu genuelako lau pisukideetatik hiruk portutik gertu, taberna luuuze eta eeestu batean.

Asmo handiak genituen eta handiki erabili genituen sobremesan, beste mahaietakoek gurea adi entzun nahi izateko bezain handiki. Hori iruditu zitzaigun. Alde Zaharrean bizi ginen eta estreinatu gabe geunden.

Astea bete gabe, berehala hasi ginen iluntzeko eguzki epelaren bila beste aldera hurbiltzen, Aldamar kaleko txokora. Akordatzen naiz sarri samar topatu genituela han gure atariko senar-emazte batzuk, eta haiek poztu egin zirela gu bertan ikusita. Errekonozitu egin gintuzten, hartu. Inor gutxi ezagutzen nuen nik orduan hirian, ordura arte ez zen-eta izan lau topiko eta umetako erosketen oroitzapena baino. Besteak beste, Rekalden hasi nintzen beste hiria ezagutzen, orain niretzat dudana. Hantxe hasi ziren ni izenez agurtzen eta hantxe konturatu nintzen zenbat balio dezakeen horrek.

Eta, harrezkero, jada joan dira lau urte eta ia erdi. Gauzak gertatu zaizkit, zaizkigu, dira. Desjabetu, bota, erosi, kendu, saldu, eraman. Besteren makro-erabakiek, bizitzaren zoriek eta gure eguneroko hautuek (aktibo zein pasibo) ekarri gaituzte honaino.

Harrezkero, pasa dira lau urte eta ia erdi, eta, laster, 2018ko abenduaren 30ean, beste norabait joango da inoiz aterpe eman eta bertakotzen lagundu ninduena; ez haiek justu hala nahita. Horretarako zutabe hau: esker ona adierazteko, aitortzeko, konpartitzeko. Niretzat etxea izan den moduan izango zelako beste hainbesterentzat ere hamasei urteotan, eta gustura ezagutuko nituzkeelako zuen puskak. Azken egunera arte gozatu dezagun eta biharamunean berriro ekin, segi, eutsi, atera, etorri, hautsi, sortu, ukitu, busti, batu, hasi, bizi.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend