Bazen baserriz betetako Donostia bat
Banaka eta ezkutuan ikus daitezke baserriak hirian orain. XVI. mendean, ordea, baserriak han eta hemen zeuden, eta XIX. mendean 1.000 baserri ere egon ziren Donostia, Altza, Igeldo eta Zubietaren eremuetan; hori bai, maizterrak ziren gehienak, eta galtzen joan dira eraikin tradizional horiek.
Atzean geratu ziren Donostia, Altza eta Igeldo baserriz betetako nekazal lurraldeak ziren garai haiek, baina Zubietak oraindik bere xarma hori mantentzen duela esan daiteke. Pixkanaka, urteen joan etorrian, etxebizitza eraikinak egin dira hiriaren jabe. Bide horretan, desagertuz joan dira eraikin tradizionalak gutxinaka, oraindik gutxi batzuk zutik eta bizi-bizirik dirauten arren. Josu Tellabide historialariarekin elkartu gara, bilakaeraren inguruan hitz egiteko, luze eta zabal: «Hiria fundatu zenetik baserriak han zeuden, etxe biztanletzaileak deitzen zitzaien. Hiria gaskoiekin fundatu zuten, baina nafarrek landa okupatzen zuten, eta hiria, komertzianteek». Hain zuzen, Nafarroako Antso Jakitunak eman zion hiri-gutuna Donostiari, 1180. urtearen bueltan.
Hogei urte baino gehiago egin ditu Gipuzkoako baserriak banan-bana katalogatzen Tellabidek, beraz, gaian aditua da. Horrela, XVI. mendean, Gipuzkoan eta Donostian baserrien sekulako gorakada egon zela dio historialariak: Miramon, Errando, Puiu, Morlas, Antzieta, Goiatz, Manteo, Uba, Uliako Miraill (ispilua esan nahi du gaskoien hizkuntzan eta zubereraz), Ibaetako Muno, Groseko Txofre, Lugaritzeko Zuatzu, Loiolako Zorrua, Aiete, Egiako Polloe…
Garai hartan, landa lurrari artigar deitzen zitzaion, eta hor baserri auzoak sortu ziren; auzo nagusiak izan ziren Ibaeta, Lugaritz eta Amara; eta txikiagoak, Egia, Ulia eta Loiola. Gero, Donostiapean zeuden herriak sortu ziren, Altza, Igeldo, Zubieta, Aduna eta Pasai San Pedro. Handitzen zijoazen arabera, artigarra gehiago banatzen joan ziren, eta segregazioak iritsi ziren. «Donostiak herri lurrak zituen, Ulia mendia edo Amarako Erribera, esaterako; dirua ateratzeko, saltzen joan ziren, eta baserriak sortzen joan ziren. Gorengoa XIX. mendean iritsi zen, 1.000 baserri ere egon zirela baitiote hainbat kronistek. «Altzak zituen baserri gehien, 160; Ibaetak 90; Lugaritzek 120; eta Amarak 120. Egia, Ulia eta Loiola auzo oso populatuak eta pobreak ziren, miserableak». Desamortizazio garaian, XVIII. mendearen bukaeran, lur publikoak pribatizatu egin zituzten: «XIX. mendean zenbatu ditut 800 baserri ingurutik hamabi bakarrik zirela hor bizi zirenen jabetzakoak. Denak maizterrak ziren».
Horrela, ia baserritar guztiak maizterrak zirenez, San Tomas egunean errenta ordaintzearen ohitura zabaldu zen, eta hortik dator egungo ospakizun handia. Industrializazio garaian, jauntxoek baserrietan inbertitzen zuten: «Okendo-Sanmillantarrak, esaterako, Donostian bakarrik 80 baserri izatera iritsi ziren. Horretaz gain, Goierrin ere bazituzten baserri gehiago. Jauntxo gehiago ere baziren!».
Tellabidek gogoan du duela 30 urte inguru atera zuten lege bat: «90 urte baino gehiago zeramatzaten familiek aukera izan zuten prezio onean erosteko baserriak». Kale baserrikoa da Tellabide: «Guk etxean genituen txerria, behia, oiloak… gurasoek eta aiton-amonek fabrikan lan egiten zuten. Kale baserri asko zeuden, eta, berez, bizirauteko hobeak ziren».
Garai aberatsak egon ziren arren, gainbehera etorri zela oroitu du Tellabidek: «Konbentzio gerratik Karlistadak bukatu bitartean, Donostiako baserri guztiei su eman zieten, baita Altza, Andoain, eta Urnietakoei ere. Dena txikitu zuten, baita sagastiak ere. Jendeak gose handia pasa zuen 1943 inguruan. Nire amona, esaterako, Oiartzuneraino joaten zen oinez, lehengusuen etxera, babarrun batzuk ekartzera, bestela ez zuten zer jan etxean».
Donostiako baserriak Beterriko baserriak dira: «Nire aitonak garbi zioen beterriarra zela eta esaten zuen ‘Euskaldunak gera beterriarrak, goierriarrak, naparrak, bizkaitarrak eta frantsesak’. Kontua da beterriko baserri guztiak estilo berekoak direla, Tolosa bitartean». Donostiak mendi zilegiak mantendu zituen joan den mendera arte, herri lurrak zirenak. Miramonek bere errotak ere bazituen, baina autobiak aurretik eraman zituela dio Tellabidek.
Zubietaren aberastasuna azpimarratu du Tellabidek: «Usurbil sortu zuten herri independente gisa, Enrique II.aren garaian, XIV. mendean. Zubietak erabaki behar izan zuen Donostiarekin geratu edo Usurbilekin. Zortzik aukeratu zuten Usurbilekin geratzea, eta beste 21ak Donostian geratu ziren».
Zatiketa egin zuten, eta Tellabide bera arduratu zen banaketa egiteaz: «Elkartu nintzen Jose Antonio Altunarekin, Usurbilgo alkatea, eta Gregorio Ordoñezekin, Donostiako zinegotzia. Zatiketa hori egiteko, baserri bakoitzak historikoki izandako lurrak hartu ziren kontuan. Zubietan komunitate bat zuten, pribatizatua zuten, eta subasta publikora aterako ote zituzten beldurrez, euren artean banatu zuten». XIV. mendeko baserri horietatik ia guztiek zutik dirautela azpimarratu du Tellabidek, eta askotatik abizenak etorri direla:«Baserri izugarriak dira denak, Petritza, Irigoien, Aizpurua, Berridi, Artzabaleta, Arbitza…».
Desagertzen joan dira
Zubietaren kasu berezia alde batera utzita, ordea, bai hirigunean eta bai inguruetan desagertuz joan dira baserriak. Loiolako kuartelen eremuaren inguruan, esaterako, kontu kuriosoa daki: «Oso etxe zaharrak zeuden hor, bost ziren: Ezkurrene, Potorrene, Urdintzu oinetxea… denak Egiaren parte ziren. Eriz jauntxoarena zen Urdintzu, eta koronel buruarekin ezkondu zuen Erizek bere alaba».
Donostiako kale izendegian ere ardura handia du Josu Tellabidek, udalarentzat lanean aritu baita. Hala, egungo kale askotan garai bateko baserrien izenak jartzea lortu du, eta oso harro dago: «Toponomiako lan bat egin nuen, eta oso izen politak zeuden: Poltsagillene, Txalupagillene, Londres, Paris, Lugaina, Rodas…».
Ez dirudi etorkizun handirik izango dutenik Donostiako baserriek, haietan bizitzen jarraitzen dutenek ere etorkizuna nahiko beltza ikusten baitute. Edonola, historiaren parte izaten jarraituko dute beti.
Etxetxo baserriko Koro Zubillaga eta Joxerra Mikeo elkarrizketatu ditugu.