Urtarrilaren 28an irekiko dute Altzako udal gimnasioa
Altzako kiroldegi berria iritsi bitartean, Donostiako Udalak erakin bat egokitzea erabaki zuen auzotarrei zerbitzu batzuk eskaini ahal izateko. Horrela, udal gimnasio berria Eraikuntza institutu zaharrean kokatu dute. Urtarrilaren 28an zabalduko dutela iragarri du udalak.
300 metro koadroko gimnasioa izango du instalazioak, ziklo indoor areto bat eta ikastaroetarako beste bat. Guztira, ia 1.000 metro koadro izango ditu. Hasiera batean, 2018ko urte bukaerarako irekiko zutela esan zuen udalak.
Hilaren 28tik aurrerako lehen astean, ate irekien jardunaldia egingo du udalak. Egun horietan edozeinek erabili ahal izango du gimnasioa, eta antolatu diren kirol ikastaroetan doan parte hartzeko aukera izango du. Horretarako, aurretik izena eman behar da Donostia Kirolaren webgunean edo eraikinean.
Kiroldegi berriarekin eraikuntza, berriz, aurreikusitakoa baino gehiago atzeratuko dela adierazi zuen abenduan Altza Osasuntsuaren Aldeko Plataformak.