Gauez auzoko kaleetan "seguruago" ibiltzeko neurriak nahi dituzte
Egia Bizirik elkarteak gauez auzotarrek kalean jasaten duten "segurtasun eza" gutxitzeko neurriak eskatu ditu. Udalak gaueko autobus zerbitzuak areagotzea eta auzoko argiztapena hobetzea nahi dute.
Hiriko beste hainbat auzotan bezala, Egian gauez ibiltzeak segurtasun eza sentiarazi dezake, bereziki emakumeengan. Izan ere, auzotarrentzat argiztapen urria duen kale batean bakarrik egotea are kezkagarriagoa bilakatu da Matigoxotegi inguruan duela bi aste gertatutako sexu erasoaren ostean. Hori dela eta, Egia Bizirik auzo elkarteak neurriak eskatuko dizkio udalari bizilagunak gauez auzoan lasaiago ibili daitezen. Bi ekintza ildo bereizi dituzte: batetik, gaueko autobus zerbitzuen areagotzea eta, bestetik, kaleen argiztapenaren hobekuntza.
Auzoaren zonalde altuetara doazen autobus zerbitzuak 22:00etarako bertan behera geratzen direla azaldu dute auzo elkarteko kideek: “36 eta 42 lineak izugarrizko laguntza izan dira Aldakonea eta Aldapa kaleen inguruan bizi diren auzotarrentzat, baina horiek gauez etxera oinez joan behar izaten dute”. Gaueko zerbitzua egiten duten ‘gautxoriak’ soilik auzoko kale nagusietatik igarotzen direla azaldu dute: Egia, Karmengo ama eta Ametzaña kaleetatik, alegia.
Gaueko autobus zerbitzuak auzotar guztiei heldu daitezen, bi proposamen luzatu dituzte: 36 eta 42 lineak ‘gautxori’ bilakatzea edo udalak udaran zehar B8 linean probatutako eskaripeko geldialdi sistema ezartzea.
Egian jasaten duten egoera Donostiako beste auzo batzuetan errepikatzen dela badakite, eta horregatik beste auzo elkarte batzuekin harremanetan jarri dira jada, aldarri honen inguruan indarrak batzeko helburuarekin: “Gure asmoa udalari hiri mailako ikerketa bat eskatzea da, kale nagusietatik urrun bizi garen guztiontzako irtenbide egoki bat topatzeko”.
Argiztapen eskasa
Egiako kale-argien egoerak gaueko autobus zerbitzu faltaren arazoa sakondu egiten duela azaldu dute Egia Bizirikeko kideek. Hain zuzen, auzoko kale-argiak “zaharrak, urriak eta altuegiak” direla adierazi dute: “Denboraren poderioz zikindu egin dira eta indarra galdu dute, eta azpian geratzen zaizkien zuhaitzek argi asko kentzen diete”.
Besteak beste, Egia eta Baztan kaletan egoera “larria” dela nabarmendu dute: “Horrek segurtasun eza dakar, puntu beltzak sortzen direlako”. Kezka hau udalari hainbatetan helarazi diotela ere adierazi dute: “Hitz onekin erantzun digute beti, baina gerora ez dute ezer egin”.