Ostiralean hasiko da Kuxidadek, Balio Duteren kontzertu ziklo berria
Kuxidadek zikloa aurkeztu du Balio Dute kolektiboak. Mogambon izango da lehen kontzertua, eta Lasarte-Oriako Pogrom synth punk taldea eta Mungiako (Bizkaia) Itzek rock taldea arituko dira.
Sare sozialetan zabaldutako mezuan argi utzi dituzte zeintzuk diren ziklo hau antolatzeko arrazoiak eta helburuak: “Donostia hiri aspergarria dela? Bai. Ez dagoela kasi aukerarik jotzeko? Ados. Underground gehiago nahi dugula? Biziki noski! Horregatik antolatu dugu Kuxidadek!”.
Kolektiboak argitu duenez, urtean zehar, hilean behin, hiriko gune autogestionatutara “euskal eszenako jende zoragarriena ekartzeko asmoz” antolatuko dute zikloa.
Pogrom eta Itzek
Pogromek 2021ean Panoptiko diskoa argitaratu zuen Juistin Records kolektiboarekin, eta punk eta autogestio eszenan bere lekua egin dute haien jarrerarekin.
Mungiatik dator Itzek hirukotea, azken aldian herriak eman dituen soinu eta doinuen rockaren ildotik (Belako, TOC, Lukiek…). Iazko Gaztea maketa lehiaketan finaleraino heldu ziren, publikoarekin duten giro ona nabarmenduz. Oraingoz, soilik kanta bat dute sarean; hit-a izatera deituta dagoen Nartziso.
Kartela Gilda elkarteko Sandra Garaioak eta Laura Garciak egin dute.