2019rako prest egongo dira Parte Zaharreko eta Aieteko osasun etxe berriak
Kokalekuaz gain, eskainitako zerbitzuak ere hobetuko dituztela azaldu dute. Hauek dira izango dituen zerbitzuak: Medikuntza orokorreko 10 kontsulta; pediatriako bi kontsulta; Erizaintzako 10 kontsulta; eta emaginarentzako azterketa gela bat egingo dituzte. Itxarongela bereziak izango dira helduentzat, pediatriarako eta Emakumeentzako Arretarako.
Horrez gain, sendaketa gela bat, erauzketarako bat, eta proba osagarriak egiteko beste gela bat egokituko dituzte. Baita berezoentzako arretarako gune bat ere.
Etengabeko atentzio guneak, berriz, medikuntzako bi kontsulta eta erizaintzako beste bi izango ditu, dagozkien laguntza-arloez gain.
Azken solairuan, haurren eta gazteen Buru Osasunerako zerbitzua jarriko dute. Bertan donostialdeko, eta Gipuzkoa osoko 18 urtetik beherako gazteei emango zaie arreta. Gaur egun, Antiguan dago zerbitzu hau betetzen duen gunea, baina gerora bi osasun etxe berrietan, Parte Zaharrekoan eta Aietekoan banatuko dute.
Bretxako osasun etxearen proiektuak 3 milioi euroko aurrekontua du, eta 2019an amaitzea espero dute. Urtea amaitu aurretik hasi nahi dituzte lanak, eraikina babestua egonik, “kontu handiz egin beharreko” proiektua izango delako.
Aieteko osasun etxea
Aieteko osasun etxe berria egiten datorren urtean hasiko dira, baina 2018rako prest egotea espero dute. Osasun sailburuak azaldu duenez, lanak errazago eta azkarrago egingo dituzte, hutsik dagoen lursail bat delako.
Azken urteetan gehien hazi den auzoa da Aiete. Aietearren urtetako eskariari erantzunez, eta aietearrek eurek aukeratutako eremuan egingo dute auzoko osasun etxea, Pio Baroja eta Aiete pasealekuaren arteko lursail batean. 2,2 milioi euroko aurrekontua izango du 12.500 bat pertsonari eskainiko dio zerbitzua.
Aieteko osasun etxe berriak 2.000 metro koadroko azalera izango du. Familia Medikuntzako zazpi kontsulta, pediatriako zortzi kontsulta, erizaintzako bi kontsulta, sendaketa gela bat, erauzketarako beste bat, proba osagarriak egiteko beste bat, Emakumeentzako Arreta gune bat, azterketa areto bat eta taldekako jardueretarako beste areto bat izango ditu.
Era beran, Erreabilitazio Psikiatrikorako unitate bat ere edukiko du zentro berriak, Gipuzkoako 18 urtetik gorako populazioak dituen arreta intentsiboko beharrei erantzuna emateko. Horretarako, sei kontsulta izango ditu, taldekako tratamendurako hainbat areto eta beharrezko laguntza-arloak. Egun Antiguan dago unitate hau.
Bi osasun etxe berrietan 26 mila herritarretik gora hartatuko dituzte, eta guztira 11 osasun etxe izango dira hirian.