Komikigunearen aurkezpena gaur. (Argazkia: Gipuzkoako Aldundia)
Komikiaren mundua eta euskal komikiaren historia ezagutzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Komikigunea izeneko aretoa sortu du Errege-Erregina Katolikoak kaleko 16. zenbakian.
30.000 agiri inguru dituen bilduma jaso dute, osorik komikiaren ingurukoa, eta komikilari eta ikertzaileen bilgune izateko bokazioa du.
Luis Gasca bildumagile eta adituak urteetan bildutako funtsa jaso zuen Gipuzkoako Aldundiak, eta Koldo Mitxelena Kulturuneren aldameneko areto batean artxibatu zuen haren bilduma. 2004. urtea izan zen abiapuntua, eta geroztik lan handia egin dute; besteak beste, euskal komikiaren historia osoa jasoko den bilduma osatu dute.
Nobela, saiakera, komikiaren teoria eta historia, erreferentziako obrak, egileek sinatutako liburuak, fanzineak, jatorrizko marrazkiak, kartelak, irudiak, komikien filmak, objektuak, gutunak, txostenak… Komikigunean bildu duten funtsa oso berezia da. Ale batzuk arraroak dira, bitxiak eta bakarrak, zaharrak edo aurkitzeko zailak. Horren adibide dira
Argia aldizkariko
Txistu (Antonio Zavalak bildua), eta Hego Amerikan XX. mendeko lehenengo hamarkadetan argitaratutako komiki xumeak. Beste batzuk balio handikoak dira, orijinalak edo lehenengo edizioak direlako.
Lehenengo solairua dokumentuak aztertzeko atonduta dago; apaletan hiztegi, entziklopedia eta komikiei buruzko liburuak daude erabiltzaileen eskura, tartekaritzarik gabe, zuzenean kontsultatzeko. Beraz, ikerketak bideratzeko toki egokia da. Ikertzaileek aldez aurretik eskatuko dute behar duten materiala, iristen direnerako prest eduki dezaten. Prozedura horrek ahalbidetuko du arreta pertsonalizatua ematea. Dokumentuak zuzenean kontsultagarri bai, baina ez da mailegu zerbitzurik izango.
Bestalde, beheko solairuan, biltegia dago. Hor dokumentu zaharrak eta baliotsuak kokatu dira, eta 2000. urtea baino lehen argitaratutako komikiak. Bertara Liburutegiko langileak soilik jaitsiko dira liburu edo dokumentu bila.
Komiki mailegua
Komiki bilduma handituz doa argitalpen berriekin, eta esanguratsuenak eskuratzen dira; Komikigunean horien azterketa eta katalogazioa egiten da. Gainera, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian ale berri horietara errazago heltzeko gela berezi bat zabaldu da 1. solairuan. Hor dauden komikiak edonork zuzenean kontsulta ditzake – bitartekaririk gabe- eta maileguan etxera eramateko aukera dago: 2000. urtetik aurrera argitaratutako komikiak. Guztira 1.676 dokumentu.