Irun plazan udalak egin behar duen esku hartzearen aurka agertu da Amara Berri auzo elkartea
Udalak jakinarazi du datozen egunotan esku hartze bat egingo duela Irun plazako biribilgunean, eta “hiri zuhaizti” txiki bat jarriko dutela, zuhaitzez gain, landareak eta zuhaixkak izango dituena. Amara Berri auzo elkarteak ez du begi onez ikusi udalaren erabakia, eta nabarmendu du hedabideen bidez izan dutela esku hartzearen berri, udalak ez dielako abisatu.
Argi adierazi dute: “Ez dugu basotxorik nahi”. Eta gaineratu dute ez dela udalak beraien hitza aintzat hartzen ez duen lehen aldia. “Duela ez denbora gehiegi 105 zuhaitz landatu zizkiguten Amaiur parkean (hazten direnean Amaiur Basoa izango da). Hori guztia ere bizilagunei jakinarazi gabe eta, gainera, auzo elkartea ados zegoela esanez. Ekologiako zinegotzi andrea, ez genuen baso bat nahi; parke bat nahi dugu bere mahaitxoekin eta gainerako elementuekin, bizilagunek goza dezaten”, nabarmendu dute.
Irun plazari dagokionez, uste dute udalak “entzungor” egin diola HAPOaren berrikuspena zela eta auzo elkarteak eskatu zuenari. Gregorio Ordoñez kaletik Felipe IV.a hiribideara, honakoak eskatu dizkiote udalari: eskultura konpontzea “oso utzita” dagoelako, urmaelaren garbiketa, iturria konpontzea, iturriaren argiztapena konpontzea eta baso itxura ez duen flora jartzea.
“Zalantzarik egon ez dadin, ez gaude zuhaitzen aurka. Baina gutxienez, guri informazioa emateko eta entzuteko begirunea izatea eskatzen dugu, prentsaren bidez jakin eta obrak aurrera jarraitzen duela ikusi aurretik”, adierazi du auzo elkarteak.