Hemezortzi herrialdetatik etorritako 60 taldek hartuko dute parte; 1.500 jokalari guztira.
Aurkezpena Kirol Etxean egin dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
European Golden Oldies Rugby (EGOR) jaialdiaren hamairugarren ekitaldia Donostian egingo dute aurten, ekainaren 11tik 14ra bitarte. Izena eman duten talde eta jokalari kopuruak inoiz baino handiagoak izango dira: hemezortzi herrialdetako 60 talde eta 1.500 jokalari hartuko dute parte txapelketan. Halaxe azaldu dute gaur Bera Bera RT elkarteko lehendakari Fernando Diezek, Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Josu Ruizek, Aldundiko Kirol zuzendari Asier Sarriegik eta Jaurlaritzako Turismo zuzendari Mertxe Garmendiak.
Kirol etxean egin duten agerraldian azaldu dutenez, 2013. urtean, Pragako txapelketa amaitzerakoan, Europako batzordeak Bera Bera RT elkartea eta OPLA hurrengo ekitaldiko antolatzaileak izendatu zituen. Honela, bi urte daramatzate “inoiz izan den ekitaldi jendetsuena” antolatzen. Txapelketa ez da lehiakorra izango; leloaren balioetan oinarrituko da:
jolas giroa, lagunartea, senidetasuna eta familia.
Baina errugbia ez da jaialdiko elementu bakarra izango. Hirira etortzen diren atzerritar guztiek Donostia eta inguruko gastronomia eta kultura ere ezagutzeko aukera izango dute. “Erakustoki bikaina izango da, donostiar, gipuzkoar eta euskaldunen balore zein kulturaren berri emateko”.
Honela, ekitaldiaren aurkezpena ekainaren 11n egingo dute, Miramar jauregian. Bertan jokalari, laguntzaile eta erakundeak izango dira, “Lur Lan erakundearen eskutik, gure lurraldearen zaporeak dastatzeko”. Partidak ekainaren 12 eta 14an jokatuko dituzte, Zubieta XXI-eko bost zelaietan. Bi kategorietan banatuko dituzte jokalariak: batetik, 35 urtetik gorakoak; eta, bestetik, 50 urtetik gorakoak edo
platinum kategoria.
Ekainaren 13a, larunbata, egun librea izango da jokalarientzat. Honela, turismoa egiteko jarduerak antolatu dituzte: txangoak, pintxo ibilbideak… Antolatzaileen arabera, jaialdiaren lau egunek turismoaren arloan 600.000 euroko inpaktu ekonomikoa ekarriko dute. Ekainaren 14an, partiduak jokatu ostean, txapelketako itxiera afaria egingo dute FICOBAn. Bertan, sagardotegi menua eskainiko zaie parte hartzaile guztiei.