Igeldotar bat, igandeko herri kontsultan botoa ematen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Igeldoko Herri Kontseiluak igeldotarrak zoriondu ditu desanexioari buruzko eztabaidan parte hartzeagatik, bai igandekjo herri kontsultaren bitartez, eta baita aurreko asteetan izandako eztabaidetan presente izateagatik ere. Orain erabakia erakundeen esku dagoela adierazi du. “Hemendik aurrera, instituzioei dagokie Igeldoko herritarren gehiengoak adierazitako borondatea kontuan hartuz behar diren erabakiak hartzea. Bitartean, herritarrek hitza izango duten gizarte ereduaren alde apustu egiten segituko du Herri Kontseiluak. Igeldon auzolana egin da betidanik eta aurrerantzean ere, udalerri izan ala ez, herritarren parte hartzean oinarrituko den gizarte eredu eta antolaketa burujabearen alde lan egiten jarraituko du», ziurtatu du.
Iraila, urria eta azaroan antolatutako bileretara 300dik gora herritar joan zirela jakinarazi du, eta era guztietako iritziak, kezkak eta ekarpenak egin dituztela ekarri du gogora. “Ikuspegi ezberdinak dituzten pertsonek elkarri entzun, besteen iritziak ezagutu eta bateko zein besteko argudioak trukatzeko aukera eta jarrera ona izan dute. Eta oso aberatsa izan da”, azaldu du.
Igandeko jardunaldiari dagokionez, Igeldoko Herri Kontseiluak baikor baloratu du herri kontsulta, “bi hamarkadetan zehar luzatzen ari den kontenziosoari bide emateko eta Igeldoko herritarren iritzia zein den ezagutzeko modua egin delako eta, nola ez, informazio eta eztabaida prozesuak eta kontsultak izan duten parte-hartze handiagatik eta balio kualitatibo zein kuantitatiboagatik”.