Eleak: "Euskal gizarteak aspaldi izendatu zituen errugabe"
Eleak, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, bere “poza” adierazi du 40 euskal gazteren absoluzioagatik. “Salbuespen politikak indargabetzeko”, lanean jarraitzeko deia luzatu du. Hona hemen argitaratutako prentsa oharra:
“Eleak, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, bere poza adierazten du 40 euskal gazteren absoluzioagatik. Gazteak eta Euskal Herria oro har zoriontzen ditu. Aldi berean, bere amorrua ere, urteotan gazteok pairatu behar izan duten sufrimendu eta injustiziagatik, eta oraindik ere ehunka euskal herritar daudelako zuzenean mehatxatuak. Salbuespen politikak indargabetzeko, borrokan jarraitzeko deia luzatzen du.
Lehenik eta behin, gure poza adierazi nahi dugu, jakin badakigu beste asko eta askorena dela. Urteetako espetxe zigorraren mehatxupean bizi ziren 40 gazte euskaldunak ez dute espetxea zapalduko. Zorionak gazteak, zorionak Euskal Herria, zorionak beraiekin arduratu eta beraiek babesten konpromisoak hartu ditugun herritar guztiei. Gaurkoa guztion garaipena da.
Gure zinezko pozak ez du, ordea, aldi berean sentitzen dugun amorrua ezkutatzen.
Memoria baitugu. Orain 5 urte atxilotu, basaki torturatu eta espetxeratu zituzten. Behin-behineko espetxealdian urteak eman zituzten. Beste urte asko eman dituzte epaiketaren zain, nork bere bizitza pertsonala baldintzatua erabat. Hilabeteak azkenik bermerik gabeko epaiketa batean denbora, energia eta dirua xahutzen. Ibilbide luze bezain anker honen ostean, gaur, Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu. Euskal gizarteak aspaldi izendatu zituen errugabe. Inork ezingo du urteotako injustizia eta sufrimendua ezabatu ordea.
Gure herriaren etorkizunaz arduratuta jarraitzen baitugu. Udaren bueltan beste 28 gazteren aurkako makroepaiketa hasiko da. Ustezko delitu berdinak leporatzen dizkie Estatuak, haiek ere izan ziren atxilotuak, torturatuak, espetxeratuak. Are gehiago, ustezko delitu berdinak leporatuta, SEGIko kide izateagatik, hamarnaka gazte daude une honetan bertan espetxeratuta. Bestalde, gazteak soilik ez, ehunka dira oraindik salbuespen legeen aplikazioaren ondorioz espetxean edo epaiketa zain aurkitzen diren euskal herritarrak. Eta barrabaskeria guzti hauek ahalbidetzen dituzten, salbuespen legediak, salbuespen epaitegiak eta salbuespen politikak indarrean diraute. Salbuespen armategi erraldoi guzti horren indargabetzea exijitzen dugu berriro ere.
Gure gaurko poza, gaurko albiste ona, etorkizuneko albiste pozgarri gehiagoren aurrekari izan daitezela. Desio hori egia bilakatu dadin, borrokan jarraitu beharko dugu. Elkartasuna, konpromisoa, auzipetuekiko maitasuna, desobedientzia praktikatuz. Guztion artean lortu dugu, guztion artean lortuko dugu. Aupa zuek!”