Gazte Abertzaleakek gazte auziperatuen aurkako sententzia gaitzetsi du
Bake prozesua “bortizkeriaz zanpatu nahi izatea” egotzi dio Espainiari. Larunbateko manifestazioarekin bat egingo dute.
Eusko Alkartasunako gazte erakundeak Donostiako gazte auzipetuen aurkako epaia salatu du. Auzitegi Gorenaren epaia “onartezina” dela esan du. “Batzuek bakean gaudela eta bortizkeria bukatu dela dioten bitartean euskal gazteria erasotzen, kolpatzen, atxilotzen eta jazartzen jarraitzen dute, euskal gazteriaren eta euskal gizartearen oihuei entzungor eginez. Bortizkeriarekin amaitu duen gizartea bortizkeria polizial eta judizialaren bitartez zanpatzea dute helburu”, adierazi du Gazte Abertzaleakeko idazkari nagusi Haritz Perezek.
Euskal gazteriaren borroka ez dutela geldiaraziko plazaratu du: ” Zortzi gazte gehiago espetxeratzen badituzte ere euskal gazteok jarraituko baitugu borroka politikoarekin, hori baita espetxeratu nahi dutena, politika, ideiak, gure pentsamoldea, eta hori ez dute sekulan lortuko”.
“Politika egiteagatik, euskal gatazka konponbidean jarri nahi izateagatik, hemen, Euskal Herrian, ez dugu auziperaturik nahi”, defendatu du Gazte Abertzaleakek. Gainera, eskaera bat egin dio Espainiako justiziari: “epai eta sententzia politikoak politikariei uztea, ez baita delitua hitz egitea, ez baita delitua ideia politiko batzuk defendatzea, ez baita delitua talde bateko militante izatea”.
Gazte Abertzaleakek elkartasuna adierazi nahi izan die Auzitegi Gorenak zigortutako gazteei, baita haien lagun eta senideei ere.
Larunbaterako deituta dagoen manifestazioarekin bat egingo dutela adierazi dute.