Iraultza Txikien Akanpada egingo dute Zubietan, bestelako Euskal Herri baten alde
Iraultza Txikien Akanpada izenpean, hiru eguneko kanpaldia egingo dute Zubietan, irailaren 21etik 23ra bitarte, bestelako Euskal Herri baten alde lanean ari diren herri mugimenduak uztartzeko asmoz. Lurralde askea komunitate desobedienteak antolatu du egitasmoa, eta adin orotariko herritarrei dago zuzendua.
Antolatzaileen arabera, “eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia”. “Ikuspegi integral batetik” planteatuko diren lau bloke nagusi landuko dira asteburu horretan:
1- Herri mugimendu eta eragile eraldatzaileoi eragiten diguten gaiei buruzko eztabaida eta gogoeta. Programa mardula antolatzen ari gara. Arerioaren puntu ahulak bilatzeaz gain, geure buruen kontraesanak bilatuko ditugu. Nolako militantzia ereduak praktikatzen ditugu? Zer konpromiso klase hartzen ditugu? Zer irakatsi digu Kataluniako prozesuak? Eralda al dezakegu Euskal Herria behetik eta ezkerretik gure mugimendu zuri eta sozioekonomikoki integratuetatik? Nola findu borroka moldeak, aliantzak, gatazkak eta biolentziak? Zer nolako elkarrizketa askatzailea eraiki daitezke erakunde eta herri mugimenduen artean?
2- Herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adostuko ditugu. Egungo egoera politikoarekin ados ez gaudenon sareak josi, aliantzak eraiki, borroka puntualak antolatu. Identifika dezakegu nola eman kolpe bateratua Euskal Herri mailan, datorren udaberrian adibidez? Esango al dugu argi eta ozen gaur egungo egoerarekin ez gaudela ados?
3- Bizitza burujabetza landuko dugu: Euskal Herrian eremu bakoitzean dagoeneko martxan dauden esperientzia komunitarioak ezagutuko ditugu alor hauetan: elikadura burujabetza, etxebizitza, zaintza, energia, enplegua, finantzak… Denon artean bizitza burujabeagoa josteko moduak pentsatuko ditugu.
4- Igandean ekimen kolektibo potente bat ere izango da. Hori aurrerago jakinaraziko da.
Euskal errepublikarako ibilbidean pauso bat emateko espazioa izango dela adierazi dute antolatzaileek, “bizi poza nagusi izango duten herritarrek osatutako Euskal Herria” lortzeko, alegia.
Iraila hasieran egitarau zehatza argitaratuko dutela jakinarazi dute ere.