Jon Anza: "Banekien maila handia egongo zela, eta gozatzen saiatu nintzen"
Jon Anza: Abeslaria
Txikitatik abestea gogoko izan du Jon Anzak, eta hainbat lehiaketetan parte hartu izan du, egiten dakiena erakutsiz; Euskal Herriko Kantu Txapelketa Nagusian, sorkuntza onenaren saria jaso berri du, ‘Amonari’ abestiarekin.
Bere amonari eskainitako abestiari esker, Gipuzkoako Kantu Txapelketa irabazi zuen iaz Jon Anzak (Bidebieta, 1990). Ondorioz, Euskal Herriko Kantu Txapelketa Nagusian parte hartu du, eta bertan ere saritu dute. ETB1 telebista kateko Oh happy day saioko irabazlea ere izan zen 2010ean, Astigarragako taldearekin.
Nolatan hasi zinen kantu txapelketetan parte hartzen? Arabako kantu txapelketan parte hartzen zuten lagun batzuk ezagutzen nituen, eta beraiekin parte hartzeko esan zidaten. Nik ez nekien txapelketa bazenik ere. Normalean bakoitza bere probintzian aurkezten da, baina Arabako lagunekin, bikoteka eta taldeka aritu nintzen, eta oso gustura. Hortik, Gipuzkoakoan parte hartzera igaro nintzen.
Zergatik erabaki zenuen iaz, zuk sortutako abesti batekin parte hartzea? Gipuzkoako Kantu Txapelketara nire abesti batekin aurkeztu nahi nuen. Nire amonak duela lau urtetatik alzheimerra du,berari buruzko abesti bat egitea polita izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta familiari eskaintzea. Gainera, Gipuzkoako lehian parte hartu nuenean, nire familiako gehienek Ertzainak-en Aitormena abestuko nuela uste zuten. Beraz, ezustekoa hartu zuten Amonari abestu nuenean. Irabazi nuenez, Euskal Herriko txapelketarako sailkatu nintzen, eta abesti bera abestu behar nuen.
Nondik nora sortu zenuen Amonari? Abesti bat idazten nuen lehen aldia zen, eta nire arrebak lagundu zidan. 2010eko Gipuzkoako Kantu Txapelketan, Xabier Leteren Amaren bularra abestiarekin parte hartu nuen. Harremana izan nuen orduan Olatz Zugastirekin, eta sortzen ari nintzen abestiari ongi geratuko zitzaion melodia bat zuela esan zidan. Proposamena oso gogoko izan nuen, eta aurrera egin genuen. Olatzen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke abesti hori sortzea.
Eszenatoki gainean ez zinen bakarrik egon. Bakarka, bikoteka eta hirukoteka izaten da kantu txapelketa, eta ahots kopurua hartzen da kontuan horretarako. Nik bakarkako sailean parte hartu nuen, baina biolontxeloaren eta pianoaren laguntza izan nuen. Nire osabak eta nire lehengusinak jo zituzten instrumentuak, beraz, dena familian geratu zen.
Euskal Herrikoan, Gipuzkoakoan baino maila handiagoa egongo zen, urduri zinen? Gipuzkoako txapelketa irabazi nuenean, ez nintzen konturatu Euskal Herrikoan parte hartuko nuenik. Duela hilabete inguru posta elektronikoz jakinarazi zidaten sailkatua nengoela, eta nire ezagun batzuk ere sailkatuak zeudenez, Bizkaia eta Arabatik, polita iruditu zitzaidan. Lehia ukitu hori galdu egin nuen, eta ongi pasatzera atera nintzen. Ohore bat iruditzen zitzaidan nik sortutako abesti batekin igarotzea Euskal Herriko txapelketara. Banekien maila handia egongo zela, eta gozatzen saiatu nintzen.
Saritua izateak indarra emango dizu aurrera jarraitzeko, ezta? Abestea gogoko dudalako aurkeztu izan naiz, eta saiatu eta mugitu behar dudan adin batean nagoela iruditzen zaidalako. Egia esan, aurkeztu izan naizen guztietan zorte handia izan dut, baina ez dut uste lehiaketako gainontzekoek baino hobeto abesten dudanik. Epaimahaiaren gogokoa izatea da kontua.
Nondik datorkizu kanturako zaletasuna? Betidanik gogoko izan dut olerkiak idaztea, baita abestea ere. Hala ere, lengoaia musikaleko ikasketak txikia nintzela utzi nituen, beraz, oinarri horren falta izanik, ez naiz melodiak egiteko gai. Hurrengo erronka melodia nik sortzea izango da, beraz, zerbait gehiago ikasi nahian nabil. Pare bat urtez pianoa ikasi nuen aspaldi, eta berriro hasi nahi dut, poliki-poliki. Gitarrarekin ere saiakerak egiten ari naiz, melodiak sortzen hasteko. Amonari nik sortutako lehen abestia izan da, eta azkena ez izatea espero dut. Nahiko burugogorra naiz, eta beti dut helburu berriak lortzeko gogoa. Zeri buruz idazten duzu? Normalean idazten dudanean, momentuan pentsatzen edo sentitzen dudana askatzen dut.
Noiztik abesten duzu? Nire familian beti egon da musikarekiko zaletasuna, eta euskal giroan, beti dago abesteko ohitura. Aitak asko abestu izan du, eta nik ere etxean abestu izan dut. 17 urterekin Pasaiako musika eskolako abesbatzan sartu nintzen, eta bertan jarraitzen dut.
Beste talderen bateko kide izan zara? Oh happy day telebista saioan parte hartu nuen Astigarragako taldearekin, eta irabazi egin genuen. Lagun talde bat zebilen talde bat sortu nahian, eta mutil baten beharra zutela esan zidaten. Oso gustura ibili ginen, baina gehienak unibertsitate ikasketekin hasi garenez, aurrera jarraitzea oso zaila zen. Garrantzitsua da beti ongi inguratua egotea, eta nik beti zorte handia izan dut.
Kantu txapelketan aurkezten jarraitzeko asmoa duzu? Ez dut aurkezteagatik aurkeztu nahi. Nik sortutako abesti batekin aurkeztu nahiko nuke, bestela atzerapauso bat irudituko litzaidake.
Baduzu helbururik kantuaren munduan? Helburu bat izatea zaila da. Kontua zaila dago, 21 urte ditut, eta ahalik eta kontu gehienetan sartu nahian nabil. Arkitektura ikasten ari naiz, eta aldi berean musikarekin nabil. Nire abestiekin disko bat grabatu nahiko nuke, edo talde bat sortu. Kontzerturen bat ematea polita izango litzateke, jendea ni entzutera etortzeko. Oso zaila da, eta noizbait aukera badut, ba oso ondo, eta bestela, etxean abesten jarraituko dut.
Zein musika estilotan ikusten duzu zure burua? Ez dakit. Entzun ia denetik egiten dut, jazz, blues, sould, euskal musika… denetik dago eta momentu bakoitzak bere musika izan dezake. Orain arte euskal abestien bertsioak egin izan ditut, eta agian, errazena, popa egitea izango litzateke. Jazza egitea oso gogoko izango nuke, nire bidea bilatu nahian nabil. Ahotsa asko dut lantzeko, eta nire burua oso galduta ikusten dut.