Añorgako bizilagun batzuk, frontoiko barra muntatzen. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Karmen eguna gero eta gertuago dago, eta hainbat auzotan festarako prestatzen hasi dira. Añorgan asteburuan hasiko dira giroa berotzen. Egunotan jaietarako behar den guztia egiten ari dira: frontoi ondoko barra muntatu, soka-dantzarako entseguak… Mugimendua nabari da Añorgan!
Kuadrillen egunarekin hasiko dira jaiak, bihar. Azken urteotan indar handia hartu du ospakizun honek; eta, gainera, kontzertu onak egongo direla nabarmendu dute. Goizean goiz oilasko biltzaileak baserriz baserri joango dira. Ondoren, gazteen eta nagusien kros herrikoia egingo dute. Paella prestatzen hasiko dira eguerdian, eta kuadrillek elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldean, Zementon jaitsiko da Añorgara, eta berarekin batera ospatuko dute karmenen hasiera, Eonian elektrotxarangaren erritmoan. Gauean Skakeitan eta Gozategi taldeak ariko dira zuzenean.
Igandean, Jubilatuen eguna ospatuko dute. Gure Kabia abesbatzak emanaldi bat eskainiko du elizan, eta jubilatuen adiskidetasun bazkaria egingo dute kultur etxean. Arratsaldean, Arkaitz dantza taldeko haurrek dantzatuko dute, Amassorrain ikastolaren 50. urtemugaren dokumentala proiektatuko dute, eta frontoian bertso saio eder batetaz gozatzeko aukera izango da. Amaia Agirre, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso ariko dira bertsotan.
Aurtengo jaietan agur esango diote Egan taldeari. Azken 40 urteotan Añorgan ia ez du hutsik egin Xabier Saldiasek. Ez du urtero jo, baina ia urtero bai. Azken kontzertua emango du hilaren 15ean, frontoian. Zuzeneko musikak zine kanpoaldean jarraituko du, Azkaiter Pelox Trio, Bi Bala eta Tutan Come On taldeekin. Karmen egunean, hilaren 16an, herri soka dantza egingo dute, eta bigarren urtez, emakumeek eta gizonek parte hartuko dute.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea