'Kontakizuna'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
ETAk ostegunean egin bezala, Realak ere armak erabiltzeari utzi dio. Eman, oraindik ez ditu armak eman, baina ondo gorderik dauzka. Hain ondo gorderik non jokalariek beraiek ere ez dakite non dauden. Eta gauzak horrela Prietok bakearen eta jokalarien arteko elkarbizitza baketsu baten aldeko komunikatu bat irakurri zuen igandean, Getafeko atzelariek gustura asko hartu zutena. Zelaiaren beste aldean, Griezmannek barkamena eskatzearen garrantziaz ziharduen, bakarrizketa isil eta, era berean, aldrebes samar batean. Gehiago sakondu beharko du frantziarrak, baina behintzat saiatu zen gizona eta ez da gutxi. Erdialdean, Zurutuza, zeinak ondo asko barneratuta zeukan Aieteko mezua, eta Mariga, gorbatarik gabe, loreak banatzeri lotu ziren, udazken urdin eta bero honetan bakearen udaberriak lekurik baduen seinale. Ez zen izan, baina, seinale bakarra. Izan ere, Montanierrek aulkian utzi baitzuen Joseba Llorente, borrokarako gogo gehien zuen jokalaria, hain zuzen ere.
Adierazpen argiagorik, nekez.
Realaren erabaki sendo eta irmoak beste arazo bat dakarkigu realzaleoi: kontakizunarena. Zein jarrera hartu behar du orain Realaren gizarteak? Zein da bidea? Nola kontatu behar dugu orain artekoa? Ez da erraza, ez, eta zaila izango da kontakizun bat eta bakarra adostea. Nik neuk, aukeran, garaile eta galtzailerik gabeko kontakizun bat nahiago nuke, osasuntsua ez ezik, koherentea ere izango bailitzateke –batik bat partida husna amaitu zela kontuan hartzen badugu– baina ez dakit lortu ahal izango dugun. Presio asko dago borroka honetako galtzaileak izen eta abizen frantziarrak izan ditzan. Prentsak –Brunete mediatiko txuri-urdinak?– argitasun falta leporatzen dio Montanierri, baina honek bere diskurtsoari eutsi nahi dio. Bere ustez, Bartzelonaren aurkako bigarren zatiarena da kontatu behar dugun egia. Egia Xixongoa da. Egia Mallorcako lehenengo zatian ikusi genuen.
Eta nik jada ez dakit zein den kontatu behar dugun egia…
Bakea iritsi da, bai, baina oraindik gerra ez da amaitu…