Odile Arrieta Laka: 'Ametsen asanblada'
Lo zakuaren barruan gorputza sentitu bezain pronto desiren munduko atea agertzen da gogoan. Ingurukoei eguneko azken irribarrea eskaini ostean itzaltzen dira begiak egin dezaten bihotzek lan. Has dadin ametsen asanblada.
???????»?… Loak hartu du aktalaria.
Egunaren hasiera sumatzean, ametsaren eta goizaren arteko muga zitalean, gosari herrikoiak samurtzen du unetxoa. Kafea izan nahi duen horrek Panoramix-en edabeak adina indar ematen duela uste dugun horietan, zainetara sartutakoa ez da kafeina. Taldea izango ote? Hala izan ala ez, gogoz ekiten dio taldeak egunari.
Taldea noiz, non eta nola sortzen den ametsen asanbladan besterik ezingo nuke azaldu. Herri mugimenduetan esaterako, elkar zaintza litzake galiarren edabeak ezinbesteko duen marmita. Zertarako? gorputzak elkarlanean eroso aritu ahal izateko. Bihozkadari jarraiki idatziko dut elkar zaintza marmitatzat duten mugimenduek bizitza dutela erdigunean. Hitz horiek sentituz hasi zait tximeleta festa sabelean, uste baitut bizitza handiena den kasuetan borrokak ez duela parekorik.
Borroka horiek dira burbuilatxoak oparitzen dizkigutenak, baita bihotzean etxetxoak eraikitzen dituztenak ere. Zergatik? Ezin ahaztu lagun batek esanak: iraultzatxo horietan egunerokotasunean borrokatzen duguna bizigarri bihurtzen dugu. Nola? Utopiara hegaz, buruari adina garrantzia emanaz gorputzari: gozatuz, haserretuz, minduz, maitatuz, zainduz, ilusionatuz, sortuz… Bizipen horietatik asko, baita txikiena ere, bihotzeko etxetxoan dira hazten.
Mahai inguru feminista batean du hasiera nire barruan hazten dabilen unetxoetako batek. Mahai ingurua feminista izateak ez zuen, bada, esan nahi gure buruek arreta asko gehiago manten zezaketenik. Hizlariak zaintza sareen garrantziaz ari ziren bitartean, geure artean hitz jolasean hasi ginen bi lagun zeharo lotsagabetuta. Halako nahigabe moduko batean, zaintza sareentzako izenarekin topo egin genuen. Harrezkero, femilia deritzogu familia feministari, zaintza sare zabal bezain estuari.
Testutik gogora bidaiatzeko unetxoa izan daiteke hau: inoiz lo zakuekin gauak bete izan dituzten mugimenduetan sortutako saretxoak ez al dira, bada, femiliatxoak? Zorionez, neurekin daramatzat urtetan zehar bizitakoak, burbuilatxo, unetxo eta nola ez, femiliatxoak; denak ala denak, borroka bideak.
Bideak bide, gogora ekarri nahi dut bidean ekitearen arrazoiak anitzak direla. Mikel Laboak abesten zuen inor goserik deino ez garela ase izango. Silvia Perez Cruzek kantuan dio gutxi batzuek herriak banketxe bihurtzen dituztela eta beltza zuri. Horrelakoak ugariegi direla eta, besteok ametsen asanbladatan bilduko gara, ilargi zein eguzkipean, beltzean ezkutatzen diren kolore guztiak aske izan arte.