Oposizioa ere pozik dago 5. edukiontziarekin
Orokorrean oposizioko hiru alderdiak pozik agertu dira bosgarren edukiontzia uztailerako hiri osoan jarrita egongo delako.
PSE-EE: Denis Itxaso zinegotzi sozialistaren arabera, oso positiboa da edukiontzi marroia jartzea, hondakinak gutxitzeko eta sortzen den hori birziklatzeko beste pauso bat eman duelako hiriak; baina batez ere, Atez Ateko sistemaren ordezkoa izango delako.
Hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroia aurreko legealdian PSE-EEk jarri zuela gogoratu du Itxasok. “Froga moduan Amaran eta Grosen ezarri genuen sistema orain hiri osora zabalduko da”.
Edukiontzi marroia erabiltzeko herritarrek txartel berri bat eskatu beharra, ordea, ez zaio batere eraginkorra iruditzen PSE-EEri; dagoeneko indarrean dauden udal zerbitzuetako txartelak egokitu beharko liratekeela uste dute.
Azkenik, hobariei dagokienez, “birziklatzen duenak hondakin guztiak poltsa berean botatzen dituenak baina abantaila gehiago izan beharko lituzke”, esan du Itxasok.
EAJ: Jeltzaleek udal gobernua “berandu dabilela” uste dute. Atez atekoarekin tematuta egotea egotzi dio Eneko Goia, bozeramaile jeltzaleak Bilduri. Bere ustez, “galdu ditugun hiru urte hauetan bosgarren edukiontziaren aldeko apustu irmo batek birziklapen maila igotzen lagunduko zuen, orain Bilduk 2016. urterako lortu nahi duen %60a lortuz. Propagandak propaganda, Bilduk ezin du ezkutatu 2011tik 2014ra %30eko birziklapen mailan gelditu garela, bere jarrera tematiagatik”.
PP: Bosgarren edukiontziak hiriko birziklapen maila handituko duela uste dute popularrek. Hala adierazi du Vicente Garcia zinegotziak. Dena den, udalbatzaren gehiengoak erabakitako sistema onartu izana nabarmendu du Garciak, “eta ez atez-atekoa, Bilduk nahi zuen bezala”.
Bestetik, zaborren kudeaketarekin kezkatuta agertu da zinegotzi popularra. Bere esanetan, “herritarrei zaborra hobeki bereizteko eskatzen diegu, baina gero zabor hori nola lantzen den ere aurreikusi beharko litzateke”.