Pio XII.aren plazako eraikina erosteko "une egokia" dela dio PSE-EEk
Ez da berria sozialisten eskaera. Erabilera bat eman nahi diote Pio XII.aren plazako eraikinari, baina horretarako beharrezkoa da jabetza berreskuratzea, Espainiako Gobernuarena baita 1954an eman zitzaionetik.
Martxoko udalbatzarrean erakunde adierazpen bat onartu zela gogoratu du Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak; PPk bakarrik bozkatu zuen aurka. Adierazpen haren bidez, Pio XII.aren plazako eraikina “donostiarrei itzultzea” eskatu zitzaion Espainiako Gobernuari.
Gascok jakinarazi duenez, eskaera hark ezezko erantzuna jaso du. Espainiako Barne arazoetako Ministerioak ez du zehazten zertarako erabiliko duen eraikina. Areago, Gascoren arabera, eraikina saltzea aztertzen ari dira, beraz, “une egokia da eraikina berreskuratzeko”.
Pio XII.aren plazako eraikina, “uharte” baten moduan isolatuta egon dela esan du Gascok, baina “garaiak aldatu direnez, oso aukera ona da Amarako bizilagunen beharrei erantzuteko”. Etorkizuneko erabileren artean, Ernest Lluch kultur etxea behin-behinean bertan kokatzea proposatu du Gascok, Anoeta eraberritzeko lanekin tokiz aldatu beharko dutela gogoratuz.