Uda garaian gora egiten du ostalaritzan lanean hasten den jende kopuruak. Turismoak ostalaritzako langileen prekarietatea «areagotu eta ikusarazi» egiten duela salatu dute sindikatuek.
Gogoko Goxua kafetegian egindako protesta. (Argazkia: Malen Aldalur)
“Hotel batean bi zerbitzari 110 pertsona zerbitzatzen egotea prekarietatea da; kafetegi batean bi pertsona lanean eta hiru ilara errenkadan eskatzeko zain egotea prekarietatea da; lanaldi erdiko kontratu bat edukitzea, baina lanaldi osoan lan egitea prekarietatea da; urte guztiko egutegi bat ez edukitzea prekarietatea da”. Hala azaldu du Elias Miner LAB sindikatuko kideak.
Uda garaian nabarmen egiten du gora enpleguak ostalaritzan. Turismoaren eraginez jende gehiago dabil hiriko kafetegi, taberna eta jatetxeetan eta horrek prekarietatea areagotu egiten duela uste dute. “Turismoak lehendik zegoen arazo bat areagotu egiten du”, azaldu du Haizea Solaguren LABeko kideak. Dena den, uste du turismotik harago Donostia beti izan dela zerbitzuak oinarri dituen hiri bat.
Mirari Irure ELA sindikatuko Zerbitzuak Federazioko Gipuzkoako arduraduna ere bat dator Solagurenekin esatean uda garaian baldintza txarrak areagotu egiten direla: “Ostalaritzako langileak urte guztian daude egoera txarrean baina egia da egoera horrek okerrera egiten duela uda garaian”.
ELA eta LAB sindikatuko kideek salatu dute urteak daramatzala iraungita ostalaritzako hitzarmenak. “Patronatuak hitzarmena betetzen jarraituko zuela hitz eman zuen ahoz, baina hitzarmena ez da berritu”.
Bestalde, hitzarmena iraungita egoteak azken zazpi urte inguruan soldata eta gainerako baldintzak «izoztuta» egotea ekarri duela azaldu du Solagurenek: “Azken urteetan ogiaren prezioak ez du behera egin, eta soldatak igo ezean esan nahi du langileak galtzen ateratzen direla”. Solagurenek uste du hitzarmena “bizia” izatea ezinbestekoa dela: “Errealitateari erantzun behar dio eta errealitatea aldatzen ari da etengabe”. Irurek ere begi txarrez ikusten du hitzarmena iraungita egotea, dena den, azaldu du sektore honetan hitzarmena indarrean egon denean ere ez dela bete izan.
LABek 2016an argitaratutako inkesta baten arabera, galdetegia erantzun zuten ostalaritzako langileen %80ak –3.369 langilek parte hartu zuten– uste du egoera prekarioan dagoela. Minerrek azaldu du kexa gehienak, ordu kopurua eta egutegi faltagatik izaten direla: “Ostalaritzako langileentzat oso zaila da kontziliatzea, askotan igandean ez dakite astelehenean lana edukiko duten edo ez”. Uste dute horrek familia, lagunak eta aisia uztartzeko arazoak sortzen dituela. Soldata «kaskarrak» dituztela gaineratu du Irurek: “Askori gutxieneko soldata ordaintzen diete”.
Kontzientziazio beharra
Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak prekarietateari aurre egiteko hainbat proposamen egiten ditu: 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu; asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztu;?bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu; lanaldi partzialean kontratatzeko garaian gutxiengo orduak ezarri; eta laneko ikuskaritzak kontrol eraginkorragoa egin.
Langileen aldetik ezagutza falta handia dagoela azaldu du Solagurenek. “Ostalaritzan lan egiten duten asko jende gaztea da eta ez dituzte beraien eskubideak ezagutzen». Azaldu du, esaterako, urteko egutegi bat izatea langile ororen eskubidea dela eta pertsona batek ezin dituela, legez, 40 ordutik gora pasa lanean. Bat dator Irure: “Hori da gure lana sektorea kontzientziatzea”. Dena den, azaldu du ostalaritza sektorea antolatzea nahiko zaila izaten dela:?”Enpresa txikiak dira eta jende oso gaztea da; ez da erraza izaten talde izaeraren kontzientzia edukitzea”. Bestalde, azaldu dute ez dela kasualitatea emakumeak, gazteak eta etorkinak izatea gehienak.
Lan baldintzak «kakaztuta» daudela uste du Solagurenek:?«Garrantzitsuena ahalik eta afari gehien zerbitzatzea bada baldintzak, beti, bigarren mailan geratzen dira».
Ostalaritzako lan baldintza kaskarrak direla eta, aurreko ostiralean protesta egin zuen LAB sindikatuak Gipuzkoa plazako Gogoko Goxua kafetegiaren aurrean. «Gogoko Goxuaren kasua sindikatuan oso entzuna izan den kasu bat da», azaldu du Solagurenek. Hori dela eta, joan den ostiralean LAB sindikatuak protesta egin zuen kafetegiaren aurrean hainbat langileri soldata ez ordaindu izana salatzeko. Ernaik eta Babes sareak ere bat egin zuten protestarekin.
Gogoko goxua
LAB sindikatuko kideak azaldu dute 2015. urteko udaberrian jaso zutela lehen aldiz Gogoko Goxua kafetegiko langile baten kexa: “Bota egin zutela esan zigun eta kasua ikertzen hasi ginenean ohartu ginen enpresak 7.000 euro zor zizkiola”. Udazkenerako beste hiru lagunen kasuak jaso zituztela gaineratu dute: “Hiru lagun horiek hiru edo lau hilabeteko soldata zuten kobratu gabe; esan ziguten ez zirela kasu bakarrak bazeudela beste hamar lagun inguru urtebete kobratu gabe zeramatzatenak”.
Minerrek azaldu du Gogoko Goxua kafetegian bi edo hiru hilabetean edukitzen dituztela langileak kobratu gabe: “Horrela langileak lana uztea lortzen dute eta beraiek bi edo hiru hilabetean lana doan egiten duen langile bat lortzen dute”. Kafetegiaren aurkako kanpaina baten ondoren urtebetez kasu gehiagoren berri izan ez badute ere, maiatzean hiru langileren berri izan zutela azaldu dute. “Hiru langiletatik bik bi edo hiru hilabete zeramatzaten kobratu gabe eta besteak baja mediku bat eskatzeagatik kaleratu zuten”. Ana Elizabeth da langile horietako bat. 2016ko irailean hasi zen lanean eta otsaila erdira arte iraun zuen:?”Hiru hilabete neramatzan kobratu gabe eta errenta bat nuen ordaintzeko”. Azaldu du lan elkarrizketa egiterakoan azaldu ziela hilabeteko atzerapenarekin ordaintzen zutela, baina ez zuen halakorik espero: “Hasieran ordaintzen zidaten, baina gero eta gehiago kostatzen zitzaien. Gainera, ez zuten inongo azalpenik ematen, eta azkenean utzi egin behar izan nuen”.
Lau urtean kafetegitik 600 langile igaro direla salatu du LAB sindikatuak. “Hau prekarietatearen errealitate garbi bat da; langileak erabiltzen dituzte irabaziak lortzeko”.