Tolosa eta Donostia Txotxongiloaren Munduko Kongresua eta Jaialdiaren egoitza izango dira 2016an
Tolosa eta Donostiako ordezkaritza batek hautagaitza defendatu dute, Txinako Txengdu hirian
Tolosa eta Donostia 2016ko Txotxongiloaren Munduko Kongresu eta Jaialdiaren egoitza izango dira. Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (Topic) eta Donostia 2016 izan dira hautagaitza prestatu eta sustatu duten bi bazkideak. Tolosa eta Donostiako ordezkaritza batek hautagaitza defendatu dute, Txinako Txengdu hirian, aurtengo kongresu eta jaialdiaren egoitza hartu baitu Txinako hiriak.
Errusiako Katerinburgo hiriarekin lehiatu behar izan du Tolosa-Donostia hautagaitzak. 2016ko kongresua eta jaialdia izan nahi duten bi hiriek hautagaitzaren defentsa egin ondoren, Nazioarteko Txotxongiloen Elkarteko kide diren 200 aholkulari baino gehiagoren artean hautagairik onena aukeratu dute. Boto gehien jasotzen dituen hautagaitza izan da Donostia eta Tolosarena. Tolosa-Donostia hautagaitzak mundu osoko 50-60 konpainiari harrera egingo die 2016an.
Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria Tolosa eta Donostiaren hautagaitzaren ordezkarietako bat eta oso pozik agertu da: “Gure proposamena asko gustatu zaie, irabazi egin dugu eta lortu egin dugu. Azkenean Txotxongiloaren Munduko Kongresua eta Jaialdia Tolosan eta Donostian egingo da lau urte barru, horrek egingo duen mugimendu eta ikuskizun guztiekin”. Ibai Iriarte Tolosako alkatea ere Txinan izan da: ““Tolosa , Gipuzkoa eta Euskal Herria munduan zehar ezagutzera emateko aukera eskainiko du jaialdiak”.