Txapelketako finalean sartzeko aukera handiak ditu Beñat Gaztelumendik
Unai Iturriagak irabazi du Elizondoko saioa, eta añorgatarra hirugarrena izan da. Donostiako eta Mauleko hitzorduen faltan, bigarren puntuaziorik onena du Gaztelumendik, Amets Arzallusen atzetik.
Bertsolari Txapelketa Nagusia bere hondarrera iristen ari da, abenduaren 15eko finala dute buruan oraindik lehian dabiltzan partaideek, eta Beñat Gaztelumendik BECeko oholtzan hanka bat jarria duela esan daiteke. Altsasun eta Murgian lehen eta bigarren postuan bukatu ostean, gaur ere lan ederra egin du añorgatarrak Elizondon, eta hirugarren postuan bukatu du, 695 punturekin; hala aurreko itzuliko 697 puntuei batuta, 1.392 puntu ditu. Unai Iturriaga izan da saioko irabazlea, 725 punturekin, eta Amets Arzallus bigarrena, 719’5 punturekin. Finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehen saioa izan da gaurkoa, eta bihar Donostian eta datorren larunbatean Maulen jokatuko dituzten saioak falta dira. Zehazki, finalaurrekoetako bigarren itzulira 18 bertsolari igaro dira, 24k ekin zioten arren, 6 kanpoan geratu baitira. Orain, zazpi onenak finalera iritsiko dira, eta Maialen Lujanbio duela lau urteko txapeldunarekin batera kantatuko dute.
Honako bertsolariak aritu dira gaur Elizondoko Baztan pilotalekuan, hurrenkera honetan: Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Unai Iturriaga , Iñigo Mantzisidor Mantxi eta Jokin Uranga, 1.700 bertsozaleren aurrean. Aldaketa handia ekarri du finalaurrekoetako bigarren itzuliak ariketetan, orain arte zortziko handia lehen ariketa izan baita, orain berriz, neurria zabalagoa da, hamarreko handia. Gainera, puntuka aritu dira bertsolariak aurtengo txapelketan estrainekoz.
Hasierako agurra Nafarroan Espainiako Gobernuak paretaren kontra jarri dituen irakasleei eskaini die Gaztelumendik: “Zer esan ezin det erabaki/ norbait euskara maisu izaki/susmagarrien lista beltzean sartu nahi duen norbaiti, sartu nahi duen norbaiti/bertso habiak baita guretzat, arrazoietan aitzaki/goza dezagun galanki/gu ulertu nahi ez gaituenak zer galtzen duen ez daki, zer galtzen duen ez daki“.
Ondoren, ariketa puntuagarrien txanda iritsi da.
Hamarreko handian Julio Sotorekin kantatu du Gaztelumendik. Enpresa txiki bereko langileak izan dira. Gaur ere telebistan ikusi dituzte erakunde publikoetako ordezkariak, enpresa handiei laguntzeko dirua emateko prest daudela esanez. Gustura aritu dira bi bertsolariak, eta agian, kartzelakoaz gaindi, Gaztelumendiren bertso gaurko bertso onenak hortxe joan dira. Hona hemen bertso bakoitzaren azken puntuak: Soto; “Haundienari laguntzen zaio eta txikienak ahaztu“, Gaztelumendi; “Patrika bete horietan hasten baita gure miseria”, Soto; “Sarri gustura esango nieke ei gu ere hemen gaude”, Gaztelumendi; “bizitzarekin ezin da hasi matematikak egiten”, Soto; “Euren indarra zatitu eta gurea biderka dadin“, Gaztelumendi; “Politikoak ezin al dira langabezira bidali?“.
Gainontzean, Arzallus eta Iturriaga bi polizia izan dira, prostituzio etxe baten aurkako operazioan parte hartu dute eta elkarrekin kotxe berean bueltan doazenak. Mantxi eta Uranga, berriz, bikote izan dira, harreran izan dute haur bat lau urtez eta familia biologikoari itzultzeko eguna iritsi zaie. Saio hunkigarriena azken hori izan da zalantzarik gabe.
Zortziko txikiko gaietan, egoera barregarrietan jarri dituzte bertsolariak. Mantxirekin aritu da Gaztelumendi. Mantxi lagunak autoa garbitzen laguntzeko eskatu dio Gaztelumendiri, eta 30 minutu egin dituzte autotik gauzak ateratzen. Beñat hasi da kantari, eta hona hemen bertso bakoitzaren azken puntuak; “hau zer dezu kotxea edo almazena?“, Mantxi; “sartzen kosta zitzaidan askosaz gehiago”, Gaztelumendi; “orduerdi ez da igaro emeki-emeki, eta maleteroa ez degu ireki”, Mantxi; “Zure neskan pultserak ze iten du hemen”, Gaztelumendi; “Baina ibili ezkero zabiltzan bezala, ziur nago batenbat hemen bizi dela”, Mantxi; “neskak pasatu dira hango eta hemengo, baina hemen badago, bizik ezta ertengo”. Ariketa honetan Beñat ez da guztiz gustura hasi, baina pixkanaka goruntz egin du, eta lan polita egin dute bi bertsolariek.
Soto eta Arzallus, 40 urtekoen afarian elkartu diren bi lagun izan dira; Arzallusek afari osoa haurretaz hizketan zeramanez, Julio asper-asper eginda zegoen. Iturriaga eta Uranga, berriz, postu bereko ehiztariak izan dira; Unaik ez du tirorik bota, eta Urangak 20 dagoeneko.
Hamarreko txikian gai serioak jorratu behar izan dituzte bertsolariek. Gaztelumendik Iturriagarekin kantatu du. Aiton-amonak izan dira; Gaztelumendi amona, billoba ahalik eta hobekien hezten saiatu da, aitona Iturriagak, berriz, nahi duena egiten uzten dio. Hona hemen azken puntuetako batzuk: Gaztelumendi; “Eman nahi diezuezula jartzen det lepoa/zure seme-alabei eman gabekoa“, Iturriaga; “normala da finean bere heziketa/aitaren ta amaren ardura da eta“, Gaztelumendi; “baina eman 15 edo 20 urte/ta parean bizitza topatuko dute“, Iturriaga; “bizitza izango dute noski buruz buru/beste guztiok ere hala izan dugu“, Gaztelumendi; “behar da jenioa eta pazientzia/gure gogortasun eta esperientzia/hori da nik utzi nahi dedan herentzia”, Iturriaga; “Saiatu ni bezala nahi dutena ematen/gerora maitasunez oroitu zaitzaten“.
Mantxi eta Soto gurasoen rolean sartu dira, euren alabak mutil dantzak plazaz plaza aritzeko gogoa adierazi die; Mantxiri ondo iruditu zaio, Soto tratuaren beldur izan da. Ziega berean dauden bi preso sozial izan dira Uranga eta Arzallus; Arzallusek astero bisitaren bat izaten du, Urangak berriz ez.
Puntuka zortzi bertso osatu behar izan dituzte bertsolariek, gaia emanda. Urangarekin aritu da oraingoan Gaztelumendi. Dantzaleku bateko pistan dantza ari direla, jende guztia euren inguruan bildu da. Urangaren mendiko botekin sartu da Gaztelumendi, eta bera minigonarekin dagoela erantzun dio Urangak. Shakiraren abesti bat fandangoaren moduan dantzatu dutela aipatu du Gaztelumendik. Saioko gainontzeko bertsolariak ere dantzalekuaren bueltan irudikatu dituzte.
Gainontzean, Arzallus eta Mantxi, Bingora bi kartoi jokatzera joan diren bi lagun izan dira, eta hamargarren kartoia ere erosi dute. Sotok eta Iturriagak kiroldegiko dutxan topo egin dute, eta xaboiz beteak zeuden momentuan ura moztu diete.
Kartzelako gaia honakoa izan da: “Zure buruari hitza eman zenion azkeneko aldia izango zela, berriro gertatu da”. Ur trago bate edan, gaia entzun, pentsatzeko denbora hartu, eta betiko eran hiru bertsoak jarraian egin ditu Añorgakoak, txapelketako aurreko bi saioetan kartzelarako erabilitako doinu berarekin. Alkoholikoaren rolean sartu da Gaztelumendi, eta bertso bakoitzean hitz nagusi bat izan du: edalontzia, botila eta izotzak, hurrenez hurren. Maisulana egin eta betiko eran bakarkakoan bere onena eman du.
Hona hemen Gaztelumendiren kartzelako hiru bertsoak:
“Lehenengo eskuarekin hala hartu det astiro/nere barruko ikarek ta beldurrek zein enbido/ondoren eskuan ere, ezpainetara det igo/gero mihiaz dastatu zaporea maitekiro, zaporea maitekiro/urteak dira bizitzan eztela izaten giro/ta barruan sentitzean mila min mila bertigo/nola lehen egiten nuen nekatzen nintzen aldiro/koñak edalontzi huts bat aurrean daukat berriro, koñak edalontzi huts bat parean daukat berriro“.
“Maitasuna omen degu sarri bizitzaren funtsa/baina maiz hain da nekeza maite baten aurkikuntza/behintzat aspaldian inor etzait etorri honuntza/eta eziñari alkoholak hobeto ohi dio bultza, hobeto ohi dio bultza/gauero hotz dut ohea, eta goizeko hotz dut dutxa/ezta ez handia izan nere sorpresaren kutxa/botila daukat parean ta izoztua gorputza/beti dago erdi betea eta beti erdi hutsa“.
“Bi urte pasatu ditut tabernetatik aparte nik uste nuen bazela sendatzeko aña tarte/kaleko argi piztuek tentazioa dakarte eta nik adikto izan behar omen det hil arte/badakit eztela ona ta egin didala kalte/baina alkohola bihurtu zait aska ezin deten kate/nahiz sarri pentsatzen dedan berriro utzi nezake/baso barruko izotzek ezetz esaten didate”.
Arzallus izan da kartzelako gaian arriskatu den bakarra, poto egin duen bertsolariaren larruan sartu da Hendaiakoa, baina hala eta guztiz ere finalean sartuko dela ziurtatu duena. Mantxik Gaztelumendiren moduan alkoholikoarena egin du. Sotok, Iturriagak eta Urangak, berriz, drograzalearen rola hartu dute.
BECeko oholtza hanka batekin zapaltzen ari da une honetan Gaztelumendi, baina oraindik ere falta diren bi saioek erabakiko dute zeintzuk izango diren Maialenen ondoan arituko diren gainontzeko zazpi bertsolariak. Hurrego hitzordua, bihar, Donostiako Gaska kiroldegian izango da, 17:30ean.
ELIZONDOKO SAIOKO PUNTUAZIOA
- Unai ITURRIAGA: 725
- Amets ARZALLUS: 719,5
- Beñat GAZTELUMENDI: 695
- Jokin URANGA: 668
- Iñigo Mantzisidor ‘MANTXI’: 663
- Julio SOTO: 620
- Amets ARZALLUS: 1.436,5
- Beñat GAZTELUMENDI: 1.392
- Unai ITURRIAGA: 1.374