Erakundeetako arduradunak eta jardueraren sortzaileak, Ontzi Museoaren kanpoaldean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ontzi Museoak eta
Aquariumak bat egin dute Kontxa 1917 sortzeko. Duela mende beteko
Kontxako Bandera ekarri dute gogora, San Pedrok irabazitakoa. Xabier Alberdik azaldu duenez, Ontzi Museoko zuzendari zientifikoak, beti zabaldu izan da hiru ontzik parte hartu zutela orduko estropadan: Donostia, San Pedro eta San Juan. Egunkari zaharrak kontsultatu ondoren, ordea, ziurtatu dute Getariako trainerua ere bertan izan zela. Gertaera hartatik abiatuta, estropadaren berri emateaz gain, bitxikeriak, bertsoak, artikulu zaharrak eta antzekoak berreskuratu dituzte. Horrela,
Ziaboga aldizkariaren zenbaki berri bat osatu dute, eta irailaren 8an banatuko dute. Aldizkariak 16 orrialde izango ditu eta datozen urteetan ere argitaratzeko asmoa dute. Izan ere, garai batean urtero kaleratzen zuten
Ziaboga aldizkaria, Kontxako estropaden bueltan.
Aldizkarian jasotakoa, era xumeagoan jarri dute Ontzi Museoaren kanpoaldean, hainbat paneletan. San Pedrok 1917ko lehen bandera hura lortu zuenean, Aita Manuel zen patroia, eta gerora askoz gehiago iritsi ziren. Mendeurrenaren harira, gainera, San Pedroko bizilagunak omenaldi bat prestatzen ari dira, irailaren 16rako.