Rafael Berrio: "Oraina bizitzea gorroto dut, iraganarekin obsesionatuta nago"
Bost urte dira Rafael Berrio donostiarrak ‘Harresilanda’ diskoa argitaratu zuenetik. Orain, Joserra Senperena piano jotzailearekin elkarlanean ‘1971’ lanarekin itzuli da.
«Benetakoa, zinezkoa, harribitxi bilduma bat… Nire lagun batek esaten duen moduan, ‘arnasa eteten duen horietakoa’». Rafael Berrio harro dago bere azken lanaz, 1971. Lagun handi baten laguntza izan du abesti bilduma moldatu eta ekoizteko. Joserra Senperena piano jotzailea izan du bidaide abentura honetan. Udaberrian, Madrilen grabatu zuten diskoa, eta orain iritsi da lan hura plazaratzeko unea.
Lehendabizi hitzak idatzi zituen Berriok. «Lau urtez koaderno batean idatzi nituen letrak, Harresilanda (2005) diskoa kaleratu ondoren. Hogei abesti inguru bildu nituenean Zuberoan, Santa Graziko baserri batean, sartu nintzen». Hitzak musikarako moldatzen hasi nintzen. Hamabi abesti lortu zituen guztira. «Konpositore gehienek melodiak sortzen dituzte lehendabizi, baina nik alderantziz egin dut. Kantautoreen moduan alegia».
2009ko gabon zaharrean Senperenari maketa bidali egin zion: «Ni ez naiz musikaria, ogibidetik kanpo nago. Banekien Senperena bezalako pertsona bat behar nuela disko hau aurrera ateratzeko. Aurretik egin dudana baino lan konplexuagoa egin nahi nuen. Senperena abestiak moldatzen hasi zen. Orkestra moldaketa ederrak ditu, txundigarriak. Ahotsa erregistro baxuan grabatu dugu. Oso lan lasaia da, intimoa. Madrilen, Jose Maria Rosillorekin grabatu genuen». Senperenaren kide diren bi Fitipaldiren laguntza izan zuen, gainera. Dani Griffin bateria jotzailea eta Carlos Raya gitarristarena. Halere, «disko honetan gutxitan entzuten da bateria edota gitarra, argitu du Berriok. «Orkestra diskoa da, barrokoa. Gitarra klasikoa entzuten da abesti guztietan, nik jotzen dut», dio Groseko abeslariak.
Izenburu misteriotsua jarri dio Berriok diskoari. Urte bat. 1971. Data berezia al da bere bizitzan? «Este album abestian, protagonista argazki bilduma zahar bat begiratzen ari da. Bere gurasoak agertzen dira bertan. Gazteak dira, ederrak. 70ko hamarkadan girotzen ditut irudi horiek. Orduan nik zortzi urte nituen. 1971 data seguru bat da, babesleku bat. Garai garbia da. Ez zait gaur eguna interesatzen. Oraina bizitzea gorroto dut, iraganarekin obsesionatuta nago».
Existentzialista frantsesak entzun zituen 1971 diskoko letrak idatzi zituenean. Jacques Brel, Georges Moustaki, Barbara… «Lan honek badu lotura existentzialista bat, baina baditu ironia eta umore tanta batzuk ere. Ezkutuan, beharbada, baina umorerik gabe ezin dut idatzi, sinesgabetasun apur batekin. Benetan inporta duten gauzen inguruan ohartarazi nahi izan ditut zaleak. Ez dira gai arinak».
Hamar abesti bildu ditu lan berrian. Berrioren gogokoena azkena da, ‘Oh, Verdad desnuda’. «Amoranteen ohiko eszena intimo bat da»; ‘Como iba yo a saber’, «maitasunarengatik barkatzea»; ‘Las mujeres de este mundo’, «heriotza eta erotismoa»; ‘El amor es una cosa rara’, literaturaren jolas bat da; ‘Simulacro’, ihes egiten duen bizitzaz hitz egiten duen kanta… Lehen aldiz politikaz eta botereaz idatzi duela azaldu du, «’Es simple’, kabaret erritmoa badu ere, gaia bestelakoa da». ‘Como Cortes’ abestian, «Guztiok buruan ditugun ihes planen ingurukoa». Bere ibilbidean behin eta berriz errepikatu den gaia dela aitortu du. ‘Este album’, berriz, «garai zoriontsuen patetismoaz» ari da; eta ‘Tu tienes a tu lado un angel’, «aldamenean dugunarenganareko maitasunaren inguruan».
Donostiako 80ko pop mugimenduko protagonista eta lekukoa, Ignacio Gasca Poch-en lagun mina, Amor a traicion taldearen sortzailea… Esperientzia berri honekin izugarri gozatu duela esan du Berriok: «Juan Carlos Calderon ekoizlea asko gustatzen zait. 70eko moldatzaile eta ekoizlea da. Sergio eta Estibaliz-en ‘Volveras’, hasierako Serrat, Cecilia, Mari Trini… Hark moldatu zituen. Egun, ez da halako moldaketarik egiten. Senperenari Calderonenak bezalako moldaketak nahi nituela esan nion. Egia da kursi samarra dela, eta haren hitzek ez dutela ezer balio, baina izugarrizko moldaketak egin zituen. Abesti erromantikoak egiteko gogoa nuen».
Warner diskoetxeak banatuko du Berrioren lana. Musikaren industria egoera onean edo txarrean egotea berdin zaiola adierazi du, «ez zait inporta. Nik abestiak idazten ditut soilik. Paper bat, gitarra bat, eta bakardadea behar dut, besterik ez. Diskoetxeek eta managerrek izan beharko dute horren ardura…».
Victoria Eugenia Antzokiko klubean izango da Berrio, zuzenean. Senperena, ordea, ezingo du kontzertuan parte hartu. Jose Luis Lanzagorta izango da pianoa jotzen, eta Imanol Solores biolina jotzen. Oraingoz Donostian, azaroaren 16an, asteartea, egingo duten zuzenekoa da bakarra. Urtarriletik aurrera egingo ditugu beste zuzeneko emanaldi batzuk”.