Altzaren iragana, sarean
Altzako Historia Mintegiak bildutako dokumentuetako asko sarean ikusgai jarri ditu www.altza.info webgunean.
Ia mende laurden igaro da Altzako Tokiko Bilduma osatzen hasi zirenetik. Altzako Historia Mintegiak –AHM– eta Donostia Kulturak sortutako dokumentazio zerbitzuak herri izandako auzoaren dokumentu ondarea bildu, zaindu eta ezagutaraztea ditu helburu. Artxibo dokumentuak, argazkiak, prentsako berriak, mapak, ikus-entzunezkoak… Tokiko Bilduma osatzen duten elementu guztiak Casares-Tomasene kultur etxean kontsulta daitezke ostegun arratsaldero. Halaber, AHMeko kideek hemeroteketan aurkitutakoaz gain, 150 emailek egindako dohaintzen osatzen duten funtsaren zaiti handi bat sarean eskuragarri dago urriaren 28tik, www.altza.info webgunean.
Udalerria, aztergai
Orain hiru urte internetera jauzia prestatzen hasi ziren bildumaren arduradunak. «Lan luzearen ondorio da aurkeztutakoa. Katalogatuta, fitxatuta eta digitalizatuta dagoen materiala eskaintzen dugu», zehaztu du Landak. Guztia udalerri izandakoari lotua. «Gure lan eremua, Altza historikoa da, Donostiak anexionatu zuenean hartu zuen udalerria. Martutene aldeko Zarrueta, Intxaurrondo, Bidebieta, Molinao arte. Denboran zehar eremu horretan izan diren pertsonak, lekuak, etxeak eta gertakariak».
Orotara ezaugarri horiek dituzten 7.000 dokumentu inguru kontsulta daitezke sarean. Bildutakoen zati bat besterik ez, digitalizatu gabeak beste horrenbeste baitira. Zintzilikatuetatik 2.626 irudiak dira. «Gehienak argazkiak dira, hori baita jendearentzat ikusten errazena. Horrekin batera, dokumentu historikoak eta berriagoak ere badaude». Argazki zaharrenen artean, 1886an ateratako La Asuncion ikastetxearena dago; dokumentuei dagokienez, San Martzial parrokiaren sorrera edota Altzako udalaren aktak. Horrez gain, bideoak, mapak edota albisteak daude. Landak onartu duenez, bilduma berezia da: «Gure artxiboa ezohikoa da, dokumentu gehienak kopiak baitira eta ez dute antzinatasun baliorik».
Lan eskerga, musu truk
Urte askotako talde lanaren emaitza da www.altza.info. AHMak 190 bazkide inguru baditu ere aktiboki lan egiten dutenak 6 besterik ez dira. Hauen inguruan, 15 bat laguntzaile ere badaude. Kide guztiak boluntarioak dira eta aisi denbora dokumentu bila edo hauen sailkatzean ematen dute. Lan guztiz altruista da. «Gure izpiritua eman eta zabal ezazu da. Machadok zioen bezala, kultur gaietan gordetzen dena galdu egiten da, eta ematen dena irabazten da».