Etxez etxeko laguntzaileek lehen lan uztea egin dute
Gutxieneko zerbitzuak gainditu egin dituztela diote langileen ordezkariek
Hilabetetako protesta ekintzen ondoren, etxez-etxeko laguntzaileek lehen lan uztea egin dute gaur goizean. Bi orduko greba izan da eta denbora hori udaletxe aurrean elkarretaratzea egiteko baliatu dute langileek. 150 bat lagun bertaratu dira Odon Elorza alkateari eta Ongizate saileko zuzendari Alicia Gonzalezi beraien kexa adierazteko. «Odon dirua ematen duzu edo aitona dutxatuko duzu», «Alicia dimititu ezazu», «CLECEk esplotatu egiten gaitu eta Odonek ahalbidetu egiten du», horiek eta antzeko oihuak behin eta berriro errepikatu dituzte Ijentea kalean izan diren ordubetean.
Mobilizazioak apirilean hasi zituzten etxez etxeko langileek eta lehen greba urriaren 25erako deitu zuten. Hura bertan behera gelditu zen, langileen ordezkariek salatu zutenez, gutxieneko zerbitzuek «ezinezko» egin zutelako. Izan ere, horiek betetzeak, lantalde osoa lan egitera behartzen baitzuen. Lan gatazka hasi zenetik erabiltzaileei ahalik eta kalte gutxien eragiten saiatu direla gogoratu dute sindikatuetako kideek. «Ezintasun larria eta jarrera aldaketa edo sendagaiak behar dituzten guztiei eman diegu zerbitzua», zehaztu du Asade sindikatuko ordezkari Eukene Pardok. Ondorioz, 156 erabiltzaile laguntza gabe gelditu badira ere, zehaztutako 30 zerbitzu minimoak gainditu eta 167 eman dituzte.
Etxez etxeko laguntza udal zerbitzua da eta 2004tik CLECE enpresak kudeatzen du. Apirilean hasi zituzten lan hitzarmenaren negoziazioak, baina enpresaren borondate ezak bultzatuta protestei ekin zieten langileek.