"26 urte ditudan arren, oraindik ez naiz nire gorenera iritsi"
Gipuzkoako Atletismo Federazioak denboraldiko atleta onenaren saria eman berri dio Alain Lopezi (Intxaurrondo, 1983). Izan ere, Espainiako Txapelketako txapeldun ordea izan ondoren, Europako Txapelketako finalean ere aritu da, erreleboetan. Oso txikia zela hasi zen korrika, eskola arteko krosetan parte hartzen; «urduritasunez betetako igandeak» bezala oroitzen dituenak. koxkortu zenean, Realak fitxatu zuen eta aurrerago, hesi lasterketetan eta abiadura probetan parte hartzen hasi zen. Abiaduran sakondu zuen, entrenatzaileek emandako gomendioen ondorioz. Irutxuloko Hitza berarekin egon da. Hona hemen bihar kaleratuko dugun elkarrizketaren aurrerapena:
Sekulako denboraldia osatu duzu.
Denboraldia bitan banatzen digute, neguan pista estalikoa eta udaran aire librekoa. Otsailan, Pista Estaliko Espainiako Txapelketan izan ginen eta bosgarren postuan geratu ginen, guztiz prestatzeko aukerarik gabe. Udan, berriz, hasieratik forma fisiko ona hartu nuen eta pixkanaka joan nintzen. Hainbat lasterketetan parte hartu nuen eta helburu goren bezala jarri genuen, nazioarteko lehiaren batera joatea. Horretarako, lehia zuzenak aurkitu behar ziren, dagoeneko Espainiako selekzioan zeuden lasterkarien aurka. Avilan eta Bilbon lehiatu ginen, besteak beste.
Orkatz Beitia zure aurkari zuzenena izan da.
Historikoki Orkatz Beitia ni baino abiadura-lasterkari hobea da. Berarekin aurten zazpi txandatan lehiatu naiz eta oso parekatuak ibili gara. Euskadiko Txapelketa berak eraman zuen eta ni txapeldun ordea izan nintzen. Gero, Espainiakoan errebantxa hartu nion, bigarrena izan bainintzen, Angel David Rodriguezen atzetik. Lasterketa oso ongi joan zen eta horri esker, Europako Txapelketan aritzeko txartela lortu genuen, 4×100 erreleboetan. Horrek nire denboraldia borobildu zuen.
Baduzu oraindik lortu gabeko helbururik?
26 urte ditudan arren, oraindik ez naiz nire gorenera iritsi, ezta gutxiago ere. Beste urte batzuetan baino lesio gutxiago izaten baditut, datozen bizpahiru urteak oso onak izatea espero dut. Nire marka hobetu nahi dut eta datorren guztia ongi etorria izango da.