Etxean bezala
Bagerak eta Topaguneak ‘Auzoko’ ekimena abian jarri dute Antiguan. Honen bidez, etorkinak euskara ikasten hastera gonbidatu nahi dituzte.
Euskaratik urrun bizi arren, euskaraz bizi nahi dutenen topalekua da Auzoko. Bagerak eta Topaguneak Antiguan abian jarri berri dute ekimena, edonork euskara modu entretenigarrian ikasteko aukera izan dezan. Antigua aukeratu dute egitasmoa gauzatzeko beharrezko osagaiak dituelako: auzo giroa, euskaraz bizi den edo bizi nahi duen komunitatea eta euskaratik urruti bizi dena. Horrela, antiguatarrak auzoko hizkuntza aniztasunaz jabetzea eta atzerritarrak elkarren artean harremanetan jartzea nahi dute, euskara komunikazio tresnatzat hartuta.
Orain arte gune euskaldunagoetan aurrera eraman den egitasmoaren nondik norakoak Dokan aurkeztu zituzten astearte iluntzean. Aretoaren hautaketa ere ez zen ausazkoa. Partaideak bertan elkartuko dira hamabostean behin, astelehenean, 18:00etatik 20:00etara euskaraz aritzeko.
Ludikotasunean oinarrituko diren saioen dinamizatzailea Aritz Branton izango da. Bristol eta Oxford arteko herri txiki batetik orain lau urte eta erdi etorri zen Donostiara, beraz, ondo ulertzen du Auzokoko kideen egoera. «Etorkina naiz eta euskara ikastearen poderioz etxean nagoela sentitzen dut, auzoan nagoela. Ez naiz arrotza sentitzen nahiz eta nire sustraiak hemengoak ez izan». Urte horiek eta jasotako laguntza nahikoa izan zaizkio euskaraz moldatzeko. «Laguntza handia jaso dut beti, hori da gakoa. Horregatik sartu naiz Auzokon, ahal dudan neurrian laguntzeko». Brantonek argi du egitasmoaren xedea zein den. «Kontua ez da azkar edo asko ikastea, euskara ikasteko bidea hastea, baizik. Euskara ezagutzeko parte hartu behar dute».
Atzerritar guztiei irekia
Jokoetan oinarritutako saioetan, euskara erabiliko dute partaideek elkar ulertzeko Astearteko ekitaldia horren erakusgarri ere izan zen. Arabiera, albaniera eta kroaziera entzun ahal izan baitziren Samira, Alex eta Miljenkoren ahotik. Hiruak euskara ikasteko asmoak elkartu zituen. Miljenko Zagar kroaziarrak 40 urte daramatza hemen bizitzen, emaztea donostiarra baitu. Itsasgizona izanik denbora asko eman du hiritik kanpo, baina orain lau urte erretiroa hartzean, euskara ikasteari ekin zion. Hizkuntza Eskolan eta Euskaltegira joateaz gain, Bagerako Mintzalaguna ekimenean ere parte hartzen du. «Mintza praktika da gehien gustatzen zaidana. Lagunekin hitz egiteko eta egin Euskal Herria eta Nafarroa ezagutzeko irteerak egiteko». Adina ez da oztopo ikasle saiatuarentzat, zailtasunak baditu ere. «69 urte ditut eta buruargia naiz oraindik, baina euskarak gramatika konplikaua du eta den-dena deklinatu behar da…». Zagarrek bezala egin eta parte hartzera gonbidatu zituen Brantonek auzokideak: «Anima zaitezte toledotarrak, limatarrak, hongkongtarrak guztiak ongi etorriak zarete. Euskara zuena da, gurea da, denona da».
Auzokon izena emateko edo informazio gehiagorako:
Internet bidez: www.bagera.net edo antigua.auzoko@topagunea.org
Telefonoz: 943-467181
Bageraren egoitza: Katalina Eleizegi, 36 behea