«Istorio hau ez dut nik bizi dudalako kontatu, nik bizi nahi dudalako baizik»
‘3 Mariak’ eleberria plazaratu du kazetari eta idazle donostiarrak; hiru emakume zahar dira protagonistak
1998an argitaratu zuen bere azken eleberria, Kuaderno gorria. Hamabi urteren ondoren itzuli da kazetari donostiarra literaturaren plazara, 3 Mariak liburuarekin. Hiru Maria, hiru emakume edadetu, hiru lagun. Txuri, Gorri eta Handi dira liburuko protagonistak. 80 urte inguru dauzkate, baina bizitzeko ilusioa dute, barra barra. Arantxa Urretabizkaiak bere nobelarik «autobiografikoena» dela adierazi du. «Hamabost hilabetetean hiru emakume zaharren bizitzan zer gertatzen den kontatzen du lan honek. Mende aldaketaren buelta horretan betetzen ditu protagonista nagusiak 80 urte. Lehen orrialdean dena esanda dago. Nobelaren nondik norakoa azaltzen da bertan».
Denbora asko eman du lan honetan lanean, «urte asko, baina tarteka. Bizibideak eta bizitzak utzi dizkidan tarteetan. Batek ez daki zer egin duen, baina badaki zer egin nahi zuen. Hiru emakume zaharren istorio bat kontatu nahi zuen». Urretabizkaiak, ordea, ez zituen iraganera begira jarri nahi. «Zahartzen garenean gaztaroari bueltak emateko ordua iritsi zaigula dirudi. Bizitzaren lehen hogei urte horiei begira ematen dugu denbora. Erretiroa hartzen dugunean irauten ematen ditugu geratzen zaizkigun urte horiek». Protagonistek zahartzaroaren aurrean duten jarrera «niri gustatuko litzaidakeena da», esan du egileak. «Ez nituen irauten ikusi nahi. Horregatik diot autobiografikoa dela. Istorio hau ez dut nik bizi dudalako kontatu, nik bizi nahi dudalako baizik. Ez da soziologia liburu bat, nobela bat da. Sinesgarria bada, asmatu dut, bestela kale egin dut».
Zahartzaroaren inguruan ere hitz egin du idazleak aurkezpenean: «Gure belaunaldiak asmatu zuen gaztaroa dela bizitzaren gailurra. Ordu arte helduak ziren bizitzaren gailurrean. Gaztaroa, eta gero maldan behera gindoazelapentsatzen genuen. Bada, orain guri dagokigu zahar modu askotan izan gaitezkeela aldarrikatzea». Haren ustez, bizitzan «aldaketa garaiak dira zailak. Jaiotzen zarenean ume eta gazte izateko pausoa zaila da. Gazte zarenean heldu izatera iristen zara, eta gero zahar izatera. Liberazio kutsu bat izan dezake zahartzaroa horrela ikusteak. Nik argi daukat nortasun agiriak ez duela nire bizitza gobernatzen, eta ez duela gobernatuko. Nortasun agiriak egia dio baina nik ez diot obeditzen».