Olasagasti, erdian, txapelarekin (Argazkia: Herri Kirol Federazioa)
Bost urte eta gero, berriro ere Maila Nagusiko txapela jantzi zuen Joxemari Olasagastik, Asteasun, atzo. Hasieratik erritmo bizia ezarri zuen Igeldokoak eta Nazabal faborito zen arren, bigarren postuarekin konforme geratu behar izan zuen. “Garbi esan behar bada, nire asmoa bigarren edo hirugarren postua lortzea zen. Oso indartsu hasi nintzen lanean eta horri eutsi nion”, adierazi dio aizkolariak Irutxuloko Hitzari.
Oso final ikusgarria eskaini zuten finalistek eta Olasagastiren ustez, guztiek “lan txukuna” egin zuten. Igeldokoak 35 minutu eta 31 segundo behar izan zituen bere lanak bukatzeko eta Nazabal, berriz, txapeldunetik minutu eta 35 segundora iritsi zen. “Txapelak beti egiten du ilusioa, baina honek handia egin dit. Nire adinarekin txapela janztea izugarria dat”. Irutxuloko Hitzak biharko egunkarian Olasagastiri egindako elkarrizketa osoa argitaratuko du.