Donostiako Maratoia trafikoari itxia egongo da lehen aldiz
Donostiako 33. Maratoia jokatuko dute igandean eta lehen aldiz trafikoari itxia egongo da. Urteak zeramatzan atletismo federazioak eskaera egiten eta azkenean posible egitea lortu du. Maratoian, lehia interesgarria egongo da, izan ere, parte hartuko duten 3.000tik gora atleten artean, Rafa Iglesias arituko da. Iglesiasek maratoia irabazi zuen iaz, bi ordu eta 10 segundoko denborarekin eta azaroaren 14ean jokatutako Behobia-Donostia lasterketako irabazlea ere bera izan da. Duela astebete inguru Iglesias berak adierazi zuen bere blogaren bidez, Donostiako Maratoian bere marka pertsonala haustea zuela hurrengo erronkatzat. Udalean lasterketaren aurkezpena egin dute gaur eta Iglesiasek bideokonferentzia bidez bat egin du, bere asmoen berri emateko. Atletak adierazitakoaren arabera, lasterketak bi laguntzaile izango ditu bere helburua lortzen laguntzeko: batak 10. kilometrora arte lagunduko dio eta besteak 25. kilometrora bitarte.
Iglesias ordea ez da bakarrik egongo goiko taldean. Izan ere, Eritreako Alexander Madhanie eta Keniako Kahsai Kidane ere goran ibiltzeko asmoarekin etorriko dira. Beraien helburua elitera jauzia ematea da.