Pirritx, Porrotx eta Marimototsen familia hazi egin da
‘Ongi etorri Pupu eta Lore’ izena du pailazoen disko berriak; Beñat Gaztelumendik eta Oreka TX donostiarrek parte hartu dute, besteren artean.
Euskara eta alaitasuna zabaltzen jarraitzen dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Orain gainera familia handitu egin da, Pupu eta Lore jaio dira-eta. Pirritxen ume bikiak dira. Eta haiei eskeinitako diskoa prestatu dute. Hemeretzi kantu eta ipui bildu dituzte Ongi etorri Pupu eta Lore lanean. Aurreko lanetan minbizia, natura, ekologia, kultur aniztasuna edota maitasuna bizitzeko modu desberdinak landu dituzte. Oraingoan heziketa izan da gai nagusia. Tiritatxo mediku lagunak aholkuak emango dizkie osasunaren inguruan; Largabista basozaina izango dute maisu natura kontuetan; Marikalanbrek zientziaren magia oparituko die, eta Martinbertso, kontu kantari joango zaie.
Pailazoek bakarrik ez, hainbat lagunek hartu dute abestien hitzak eta istorioak osatzeko ardura. Tartean hainbat donostiar izan dira. Beñat Gaztelumendi bertsolari añorgatarrak Largabista abestiaren hitzak egin ditu; Ramon Agirre aktoreak Lagun txakurrari jarri dio ahotsa; eta Oreka TXek txalaparta hotsak egin ditu.
Disko honetan, gainera, Maite Zaitut abesti arrakastatsuaren hirugarren bertsioa egin dute. Arabieraz, kantatu dute oraingoan, Palestinara udan egindako bidaia dela eta.