Mirador de Uliak lehen Michelin izarra lortu du
Maria Cristina hotelean aurkeztu zuten 2011ko Michelin gida ezaguna, atzo gauean. Jatetxe batzuk izar bat irabazi dute, beste batzuk galdu eta hirugarren batzuk lehenengoaren jabe egin dira. Donostiako Mirador de Ulia da lehenengo izarra lortu duen jatetxeetako bat, beste 16 jatetxerekin batera. Horri esker, nazioartean biztanleko Michelin izar gehien batzen dituen ingurua izaten jarraitzen du Gipuzkoak, izar bat gehiagorekin. Bestetik, Martin Berasategik bere zazpigarren izarra lortu du, Sevillan duen jatetxeak lortu berri duenaren ondorioz. Honela banatzen dira Berasategiren gainontzeko izarrak: hiru Lasarten, bi Bartzelonan eta beste bat Tenerifen.
Michelin gidak Iberiar Penintsulako jatetxe onenak saritzen ditu urtero, izar preziatuekin, euren kalitatearen seinale gisa. Aurten Donostia aukeratu dute eszenatoki gisa, inguruko gastronomiak duen maila dela eta. Zurrumurruen arabera, bazirudien Xarma eta Mirador de Ulia jatetxeek jaso zitzaketela estrainekoz izarrak, baina Uliakoak bakarrik izan du zortea.
Hauek dira gaur egun Michelin izarrak dituzten jatetxe aipagarrienetako batzuk, (donostiarrek kudeatutakoak edo Donostian daudenak):
- Hiru izar: Akelarre, Arzak eta Martín Berasategui (Lasarte-Oria).
- Bi izar: Adurizen Mugaritz (Errenteria) eta Kokotxa.
- Izar bat: Arbelaitzen Miramon eta Mirador de Ulia.