Imanol Oroituz jardunaldiak, euskal rock erradikalari begira
Donostia Kulturak eta Imanol Oroituz taldeak 2007. urtetik antolatzen dituzte Imanol Oroituz jardunaldiak, abeslari antiguatarraren omenez. Harrez gero hainbat jarduera prestatu dituzte Imanol Larzabal beraren eta euskal musikaren inguruan. Iaz, 60ko eta 70eko hamarkadetara egin zuten bidaia. Kantautorearen ibilbidean eta bizitzan mugarri izan zen garaia berreskuratu zuten. Aurten, ordea, Euskal rock erradikala izango da jardunaldien ardatza. Izan ere, 1981. urtearen bueltan jaio zen mugimendu hau, eta 30. urteurrenaren ospakizunen aurrerapen gisa antolatu dute programa.
Krisiak gogor kolpatu zuen gizartea 80ko hamarkada hasieran, eta testuinguru latz horretan sortu zen euskal rock erradikala. Musika mugimendu honek eragin handia izan zuen belaunaldi gazteengan. Musikaaz haratago iritsi zen gainera. Politika, kontrakultura, droga eta hainbat eta hainbat borrokaz zipriztindutako uhin heterogeneo bilakatu baitzen.
Bihar, Eriz Zapirainek zuzendutako Salda badago dokumentala proiektatuko dute Lugaritz Kultur Etxean, 19:30ean. Elkarrizketekin osatutako lan honek mugimendu honen sorrera, garapena eta egun euskal musika panoraman utzitako arrastoa aztertzen ditu. Lugaritzen ere, Pakean utzi arte erakusketa inauguratuko dute arratsaldean. Binilo azalak, kartelak, argazkiak, fanzineak, kontzertuetarako sarrerak eta bitxikeri ugariz osatutako bilduma hau abenduaren 27a arte izango da ikusgai. Euskal rock erradikalaren ko zortzi talde esanguratsuenei (RIP, La Polla Records, Kortatu, Eskorbuto, Zarama, Las Vulpes, Hertzainak eta Cicatriz) buruzko iruzkinak dira erakusketaren ardatza.
Ostegunean, 80ko hamarkada, euskal rocka baino gehiago izenburupean, mahai ingurua egingo dute kultur etxean. Josu Zabala (Hertzainak), Jakue Pascual (soziologoa), Marino Goñi (GOR diskak) eta Mamen Rodrigo (Vulpes) izango dira bertan.
Ostiralean, The Sparteens taldeak belaunaldi oso baten ereserkien berrirakurketa fresko eta dibertigarria eskainiko du Dokan. Kortaturen Zu atrapatu arte edota La Pollaren Txus 60ko hamarkadako erritmoan joko dituzte. Jardunaldien egitarauari amaiera emateko, ostiralean herri afaria egingo dute Txirain elkartean. Txartelak Lugaritzen edota 618380308 telefonora deituta eskura daitezke.