Berriro ere donostiar baten eskuetan egongo da Greenpeace talde ekologista
Miren Gutierrez (Amara Berri, 1966) kazetaria izango da Greenpeace-eko Espainiako zuzendaria, datorren urtetik aurrera. Donostiar batetik bestera pasako da kargua, izan ere, Juan Lopez Uralde (Erdialdea, 1963) izan da 2001etik orain arte postu hori bete duena. Momentu honetan Mario Rodriguez ari zen talde ekologistako zuzendari lanetan, Uraldek abuztuaren 31ean utzi baitzion bere lana betetzeari, politikari ekiteko. Ordutik aukeraketa prozesuan barneratua egon da Greenpeace eta tarte horretan 200 hautagai baino gehiago baztertu ditu. Azkenean, Gutierrez aukeratu dute, 44 urteko amaratarra. Gutierrez ez zen taldeko kide, baina sektorea oso ongi ezagutzen du. Filologian lizentziatua da, kazetaritza master bat du eta La ciudad de las cigarras liburuaren idazlea da. Gutierrezek bihar emango du Greenpeace-eko zuzendari bezala bere lehen prentsaurrekoa, Madrilen.
2010ean bai Juan Lopez Uralde bai Miren Gutierrez ere elkarrizketatu ditu Irutxuloko Hitzak.