Easo Saskibaloi Taldeak 10 urte bete ditu
Easo Saskibaloi Taldeak 10 urte bete dituen arren, urte asko dira Donostian kirol hori lantzen hasi zela. Izan ere, San Ignacio ikastetxeko saskibaloi eskoletatik eratorritako kluba da Easo, egungo egiturara iritsi bitarte. Javier Legarreta Easoko arduradunetako bat da eta klubaren nondik norakoak ongi ezagutzen dituenez, berarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak. “Ikastetxean ezinezkoa zen hainbeste jokalari biltzen zituen eskolarekin aurrera jarraitzea eta hortik jaio zen Easo. Gainera, garai hartan Askatuak zegoen goiko mailetan eta berarekin batera ibili zen hasierako Easo hori”, azaldu du Legarretak. Zehazki, 30 urte inguru daramatza Legarretak saskibaloiari lotuta eta jokatzeari utzi ostean, duela bost urte itzuli zen Easora, laguntzeko asmoz.
Kontuak kontu, duela 10 urte banatu egin ziren bi klubak eta Easok neska-mutil gaztetxoekin jarraitu zuen. “Zortzi urterekin hasten dira gaztetxoak Easo Eskolan eta dagoeneko 100 haur baino gehiago ditugu. Bestetik, 34 talde federatu daude, 12-18 urteko gazteekin. Bakoitzaren gaitasuna ikusita, bide egokiena ematea da helburua”.
Guztira, 600 jokalari baino gehiago mugitzen ditu Easok eta horien artean errendimendu altuko gazteak ere badaude. Horren lekuko da, klubeko hiru jokalari Espainiako selekzioarekin jokatzeko hautatu zituztela iaz eta Europara ere iritsi zirela: Mikel Motos juniorra, Dario Brizuela kadetea eta Haur Mailako Ion Urtxulutegi. “Poliki poliki, behin 18 urteak beteta, maila polita duten hainbat jokalari izan ditugu eta kanpoko taldeen interesa ere piztu dute. Alde horretatik, guk ez daukagu jokalariak hemen heusteko intentziorik, bakoitzak egokien iruditzen zaiona egin dezake”. Klubak iaz lortutako emaitzak ere sekulakoak izan ziren, gizonezkoetako Junior eta Kadeetako taldeak Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldunak izan baitziren. Edonola ere, harrobia lantzea da klubaren helburua eta ez puntako jokalariak sortzea. Beraz, denborarekin epaile lanak egitera iristen diren gaztetxoak ere igarotzen dira Easotik.
Kantxetan dago arazoa
“Entrenatzeko kantxak dira gure arazo nagusia”, aitortu du Legarretak. “Donostian instalazioak nahiko mugatuak dira, jende asko mugitzen baitute. Beraz, Kirol Patronatuaren bidez zerbait lortzea geroz eta zailagoa egiten zaigu”. Edonola ere, Anoetako kiroldegia eta San Ignacio ikastetxearen instalazioak dira Easo Eskolaren kokalekua. Horretaz gain, beste eskola batzuekin ere akordioak ditu klubak eta federatutako klubek Altzako eta Bidebietako kiroldegian entrenatzen dute, besteak beste. “Ez dugu sakabanaturik egon nahi, baina momentuz ez dago beste irtenbiderik. Hor daukagu erronka nagusia, gure kontutik ez baitagu kiroldegi bat eraikitzeko dirurik”.
Klubaren arrakastaren atzean, harrobia lantzearen nahia dagoela dio Legarretak. “Lanik gabe ezin dira halako emaitza onak lortu. Bestetik, bertako entrenatzaileen maila ona dela uste dut, esperientziadunak baitira. Maila hori mantentzea ez da erraza izango, jendeak musutruk egiten baitu lan”. Horri begira, Easo Eskolan entrenatzaileak ere prestatzen dituzte, aurrera begira lerro hori indartzeko asmoarekin.