Skizzo dantzari donostiarrak 'Chicago' musikalean parte hartuko du
Nerea Lizarralde
Udazkeneko arratsalde ilun eta hotzak argitzera dator Chicago musikala. 20ko hamarkadan girotutako istorioa taularatuko du Stage Entertainment konpainiako dantzariek. Roxie Hart eta Velma Kelly dira pertsonaia protagonistak. Osagai nagusiak, berriz, ustelkeria, hilketak, adulterioa edota traizioa.
Zineman, Renee Zellweger eta Caherine Zeta Jones aktore ezagunak sartu ziren bi izarren larruan. Hart gaueko klub bateko dantzaria da. Bere maitaleak abandonatu egingo duela esango dio, eta Hartek hil egingo du. Espetxe zigorra ez betetzeko publikoari, hedabideei, eta ziegako kide eta etsai duen Velma Kelly-ri iruzur egingo die. Chicagoko abokaturik trebeena, Billy Flynn, kontratatuko du horretarako.
Victoria Eugenia Antzokiko eszenatokian, fokuek artista donostiar bat argituko dute, Skizzo (1975). Dantza egiteaz gain, Roxie-ren maitalearena eta epailearena egingo du. Entsegu bat hasi aurretik, atseden batean, hitz egin du Irutxuloko Hitza-rekin, telefonoz. «Iaz Fiebre del Sabado Noche ikuskizunarekin izan nintzen Donostian. Orduan protagonistaren lagunik gertukoenaren papera egokitu zitzaidan. Orain, Chicagon, dantza egitera igoko gara taula gainera. Halere, obra honetan ere guztiek dugu interpretaziorako tarte txiki bat. Ni Roxiek hiltzen duen maitalea naiz, baita Roxie bera epaituko duen epailea».
Skizzoren hitzetan, «Robert Louis Fossek sortu zuen Chicago musikalaren lehen bertsioa. 1975ean estreinatu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan. Ez zen haiek espero zuten show izugarri eta bikaina izan. Haren maitaleak berpiztu zuen ikuskizuna, New Yorken. Jazz musikak, eta All that jazz saio ezagunak ikusleak bereganatu zituen».
Ospea, dirua eta jazza
«Istorio oso dibertigarria da, oso beltza, oso amerikarra», azaldu du dantzariak. «Desberdina da. Ustelkeria, diruzaletasuna, boterea… Finean, dirua mundua mugitzeko gai dela azaltzen du. Errealitatea ere horrelakoa da, hori gertatzen ari da egun», gaineratu du.
Hainbat musikaletan parte hartu du Skizzok. Peter Pan, La Bella y la Bestia edota El Rey de Bodas-en lan egiteko aukera izan du, besteak beste. Langile nekaezina da donostiarra. Musikaletan ez ezik, Telebistan eta hainbat artisten dantzari gisa ere lan egin du. Paulina Rubio, Roser, Sergio Rivero edota Monica Naranjorekin, besteren artean.
Denetik egin dut, ezin naiz kexatu. Ez bainaiz inoiz lanik gabe egon. Ni dantzan hasi nintzen, baina interpretazioa eta kantua ere gustuko nituen. Alegia, dantzak hunkitu ninduen, baina beste gauza batzuk ere probatu nahi nituen. Musikalen bidez hori guztia egin dezaket. Hiru diziplina ikuskizun batean uztartzen dituztelako. Gene Kelly izan zen hasieratik nire erreferentea». Inoiz West Side Story egiteko aukerarekin amets egiten du Skizzok: «Bernardo izan nahiko nuke. Baina zaila izango zen, latino itxura izan beharko nuke eta. Hobe agian Jet taldeko kide batena egitea».
Donostiatik, Madrilera
Skizzo Madrilera joan zen 18 urterekin. «Dantzari izan nahi nuen». Donostian jaio zen, Irunen hasi zen dantza ikasketak egiten, eta Madrilera joan zen aukera baten bila. «Irunen, tren geltokitik gertu dagoen akademia batean ikasi nuen. Donostian jada talde batean dantza egiten nuen, Step izena zuen. Han lan egin genuenok dantza munduan jarraitzen dugu. Carlos Nguema zen burua. Madrilera etorri ginen biok, baina bera itzuli egin zen Donostiara. Beste proiektu batzuk egin nahi zituen».
Txikitatik, musikak dantza egiteko gogoa pizten diola azaldu du Skizzok: «Musika jarri eta berehala, nire gorputza mugitzen hasten zen. Diskoteketan dantza egitea gustuko nuen. Arratsalde osoa ematen nuen dantzan. Erne diskotekan ezagutu nuen Carlos, eta horrela hasi nintzen.
Chicago musikalarekin 2011ko uztaila arte ariko da buru belarri: «Bira luzea izango da. Bilbon hasi ginen, abuztuan. Harrez gero, astero leku desberdin batean izan gara».