«Besteek jarritako traba lasterketa batean jauzika ari gara etengabe»
‘Autopsiarako frogak’ liburua aurkeztu du Koldo Izagirrek. Amorruz idatzi du euskararen egoeraz.
Nobela beltz baten izenburua du Koldo Izagirreren (Altza, 1953) azken liburuak, Autopsiarako frogak. Izenburua bakarrik, saiakera honetan euskararen eta euskararen egoeraren inguruan idatzi baitu. Garai eta jatorri askotako adierazpenak eta dokumentuak gogora ekarriz eta komentatuz eman du euskal hizkuntzari buruzko iritzia. Euskara da protagonista. Liburu «ero samarra» dela aitortu du Izagirrek.
«Kontakizun ezohikoa da, ezohiko bibliografiarekin lagundutakoa. Azpitituluak, Artseniko aztarnak gure hizkuntzan, pista asko ematen ditu. Edozein aitzakia erabiltzen dute euskararen kontura jarduteko. Gure hizkuntza pozoitu egiten dute. Euskaldunok ere pozoitzen dugu hizkuntzaren inguruko txepelkeriak esaten», azaldu du Gorka Arresek, Susa argitaletxeko editoreak. «Erritmo oso bizkorra du, eta nork bere burua kokatu arte deseroso sentituko da. Hasieran min hartuko du irakurleak, baina gero sutu egingo da. Txute bat da», gaineratu du Arresek.
Liburua izenbururik gabeko 11 ataletan dago zatituta. Motzak eta azkarrak dira, eta gai bat jorratu du kapitulu bakoitzean. Atalek, ordea, ez dute izenbururik: «Ni idazlea naiz. Ez naiz eruditoa. Ez naiz historialaria. Ez naiz soziologoa. Ezta linguista ere. Idazle batek egin dezakeen liburu bat egin dut. Elebitasuna, egungo egoera soziolinguistikoa, gure politika linguistiko ofiziala… Kapitulu nagusiei horrelako izenburu esplikatiboak jarrita gezurretan ari nintzela uste nuen. Gai horretaz ari naiz, baina ez naiz ari gai horiek hartuta diskurtso osatu bat egiten. Horregatik utzi nituen izenbururik gabe», argitu du idazle altzarrak.
Bere ustez, «azken urteotan irakurri eta entzuten duguna ikusita, oso logikoa zen liburu hau idaztea. Nik uste dut gero eta gehiago idatzi beharko dugula euskaldunok. Idazleok badugulako katedratiko batek edo aditu batek ez duen askatasuna, bai iritziak ematerakoan, bai metodologia propioak erabiltzerakoan. Ez gaude lotuta. Guk oso ondo ezagutzen dugu hizkuntzaren egoera internoa, guk bertan lan egiten dugulako. Anjel Lertxundi etengabe ari da, baita Fermin Etxegoien ere».
Idazketan baino, testua kentzen denbora gehiago eman duela esan du egileak: «hondorik ez duen putzua da. Egunero dago euskararen inguruko beste iritzi ponderaturen bat. Kirol nazionala dute Espainian. Etengabeko kontua da».
Izagirreren saiakera, halaber, poltsikoko formatuan argitaratu dute: «Beti aldean eramateko liburu bat egin nahi genuen. Izagirrek argudio eta froga ederrak ematen dizkigu. Kalean ibiltzeko tresna lagungarria da. Gure eguneroko bizitzan euskararen klixetzat pasarazten dizkiguten kontzeptu asko atzekoz bestera, edo aldrebes jartzen dituelako, eta argudio izugarri onak ematen dituelako», azaldu du Arresek.
Poza, errealitatea ezagutzetik
«Besteek jarritako traba lasterketa batean jauzika ari gara etengabe», adierazi zuen idazleak. atzo, prentsaurrekoan. «Eta poza nondik sartuko da?», galdetu zuen aurkezpenean, entzule batek. «Errealitatea ezagutzetik sartuko da», erantzun zuen Izagirrek, zalantza izpirik gabe. «Kritika eta autokritikaren bitartez eragin ahal izango dugu», jarraitu zuen. «Besteek botatako klixearen ustelaren kontzientzia hartuta», gaineratu zuen Arresek.