Etxeetatik energiak alde ez egiteko neurriak hartzera bultzatuko du Udalak
Xabier Etxabe
Duela berrogeita hamar edo hogeita hamar urte iraunkortasuna ala energia alferrik ez galtzeko kontzeptu eta aholkuak arrotzak ziren gizartean. Petrolioa eta bestelako erregaiak agortzearen beldurra, ordea, gero eta handiagoa da eta klima aldaketari aurre egin beharreko abisuak are ozenagoak. Udalak, bada, energia aurrezteko baliagarriak izan daitezkeen proposamenak finkatu eta eraikinak eraberritzera bultzatu nahi ditu herritarrak.
Proposamen horiek ezartzeko, 1960 eta 1980 urte artean eraiki ziren etxebizitzak hartu dituzte eredu eta energiari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko zein neurri har daitezkeen aztertu dute. Zehazki, Bidebietan, Zumardi pasealekuko 5, 7 eta 26 atarietako eraikinetan egin dituzte azterketak. Amaran, berriz, Isabel II.eko 21, 23 eta 25 atarietako eraikinetan.
Azterketa horietatik ateratako ondorioekin energia aurrezteko pausoak, edota aurrealde eta leihoetatik energiari alde egiten ez uzteko bitartekoak proposatu dizkiete bizilagunei. Victoria Iglesias Ingurumen saileko zuzendariak bizilagunei proposaturiko neurrietako batzuk zerrendatu ditu. «Eguzki energia xurgatu eta hari alde egiten ez uzteko baliabideak ezartzea, leiho bikoitzak jartzea edota kalefakzio sistemak hobetzea».
Neurriok ingurumenaren mesede ez ezik, bizilagunen poltsikorako ere oso lagungarri izan daitezkeela adierazi du Iglesiasek. Energia gutxiago erabilitzean, ordaindu beharrekoa txikitzen delako. Bestetik, eraikinen batean halako aldaketak eginez gero, ohiko eraberritze bat baino %10-15 inguru garestiagoa izan daitekeen arren, etorkizunari begira, eraikin horren balioa %50 handi daitekeela jakinarazi du.
Gastua, erdira jaitsi
Ingurumenaren aldeko irizpideak jarraituta eraberritutako etxebizitza batean gastatzen den energiaren eta eraberritu gabeko beste batean gastatzen denaren artean aldea nabarmena dela esan du Iglesiasek. «1960-1980 urte artean eraikitako etxebizitza batek 150 kilowatt gastatzen ditu orduan metro koadro bakoitzeko; energiari etekina ateratzen dion etxe batek, berriz, erdira murriz dezake gastua».
Aldaketak egiteko laguntzak
Energiari alde egiten ez uzteko proposamen eta eraldaketa hauek, gainera, hiriko etxebizitza eremu handian ezar daitezkeela dio Ingurumen saileko zuzendariak, «hiriko etxebizitza parkearen erdia 60. hamarkada baino lehen altxa» baitzen.
Itoginak, hezetasunak, pitzadurak eta bestelako gorabeherak nagusitu ohi dira berrogeita hamar urtetik gorako etxebizitzetan. Hortaz, etxebizitzaren bateko eraikina eraberritzeko asmotan den ororen esku utziko ditu Udalak, azterketa hauek medio, energia aurrezteko finkatutako ondorioak.
Udalak mahaigainean jarritako proposamenak garatzea, baina, etxebizitza jabeen hautua izan beharko du. Dena den, leihoak aldatu, argiztapena berritu eta beste zenbait neurri ezartzeko, Energiaren Euskal Erakundeak etxebizitza bakoitzeko 20.000 eta 22.000 euro arteko laguntzak eskaintzen dituela aditzera eman du Ingurumen saileko zuzendariak.