Igogailua egiteko asmoari eusteko eskatu dute intxaurrondotarrek
Xabier Etxabe
Hasi dira Lizardi kalean arrapala mekanikoak egiteko lanak. Bost hilabetetan langileak jo eta ke ariko dira intxaurrondotarren bizi kalitatea hobetuko duen egitasmoa gauzatzen. Lanen nondik norakoak azaltzeko udal arduradunek bilera egin zuten bizilagunekin.
Proiektu eta Herri Lan zinegotziak, Duñike Agirrezabalagak, eman dituen xehetasunen arabera, Zubiaurretik hasi eta Zarategi pasealekura iristen diren bost arrapalak jartzeko lau urrats nagusi emango dituzte. «Hasteko, ubide eta bestelako hodiak aldatuko dituzte». Bizilagunek aldaketa hauen ondorioz egon daitezkeen mozketen berri izango dutela zehaztu du Agirrezabalagak. Ondoren, arrapalak sartzeko lurra zulatu eta hormigoizko egiturak kokatuko dituzte. Hirugarrenik, arrapalak jarriko dituzte eta azkenik, espaloiak berrituko dituzte. Maiatzerako, beraz, txukun geratuko da Lizardi kalea, eta 7:30etik 22:30 (23:00etan udan)bitartean gelditu gabe ibiliko dira arrapalak.
Lan hauek guztiak egiteko, baina, Lizardi kalea moztu beharko dute. Oinezkoentzat eremu txiki bat utziko dute, halere. Bertatik, oinezkoak, bizilagunen autoak, zaborrak jasotzen dituen kamioia eta larrialdietako ibilgailuak ibiliko dira. Bizilagunek egindako eskaerari erantzunez, Txarara doan mikrobus bat ere igaro ahal izango da bertatik.
Oinezkoek eta ibilgailuek bat egingo duten bide honetan ezbeharrik gerta ez dadin, oinezkoak babesteko bazterbidea egiteko proposamena ere aintzat hartuko du Udalak.
Arrapalak eraikitzeko egitasmoa, baina, ez ditu bizilagunak gogobetetzen. IZBE auzo elkarteko Rai Mendiburuk jakinarazi duenez, «arrapalak ez dira irtenbiderik onena», jaisteko ez dutelako aukerarik eskaintzen. Horregatik, igogailua egiteko asmoa mantentzearen aldekoak dira. Auzotarrek Koruko Andre Mariaren kalean nahiko lukete igogailua eta Udalak datorren agintaldian aztertuko duela erantzun die.
Rai Mendiburuk, halaber, hiru solairuko aparkalekua egitea da auzotarren beste eskaeretako bat dela adierazi du. Zubiaurretik gora dauden etxeek autoa uzteko duten leku gabeziari erantzun nahi diote era horretan.
Horrekin batera, oinezkoen, gidarien eta txirrindularien beharrak zorrotz aztertzeko, mugikortasun azterketa sakona egitea beharrezkoa dela adierazi du IZBEko kideak.