Realeko eta Athleticeko zaleek bat egin dute Anoetan
Zaleek gogoz espero dute igandeko (21:00, Canal+) derbia, hiru urtez ez baita Realaren eta Atheticen arteko partidarik izan. Gaur goizeko bederatzietan ireki dituzte Anoetako leihatilak, baina ordua iritsi aurretik ilara luzea osatua zegoen estadioaren inguruan. Alde guztietako futbolzaleak hurbildu dira Donostiara: Gasteiz, Zarautz, Lekeitio, Urretxu, Arrasate… hotzari aurre eginez, zintzo-zintzo osatu dute ilara eta 9:30erako Realak salgai jarritako 1.500 sarreretatik garestienak baino ez ziren geratzen: 70 eta 90 eurokoak. Dagoeneko itxi dituzte leihatilak eta berriro ere 16:00etatik 19:00etara zabalduko dituzte. Realak jakinarazi duenez, 90 euroko 30 sarrera solte baino ez dira geratzen.