Bost urte bete dira Donostiabusen lehen mikrobus zerbitzua abian jarri zutenetik
Autobus konpainia irudikatzen duen igelaren antzera hiriko tontor batetik bestera dabiltza mikrobusak saltoka. Hamabi metroko ibilgailuen artean ezkutatzen diren 7,5 metroko autobus hauek ohiko bihurtu dira auzune maldatsu eta kalexka estuetan denbora gutxian, bost urte besterik ez baitituzte. 2005eko aipirilean estrainekoz lehen bidaia egin zuen Aldakonea eta San Roke arteko mikrobus zerbitzua izan zen hirian aitzindari.
Harrez gero, bost urte igaro dira eta urteurrena behar bezala ospatzeko arrazoiak ditu Donostiabusek, harrera paregabea izan duelako zerbitzuak.
2004. urtera arte taxibusak ziren San Roke eta Aldakoneako bizilagunak Erdialdera hurbiltzeaz arduratzen zirenak. Hala, San Rokeko taxibusak 6.000 bidaiari garraiatzen zituen urtean eta Aldakoneakoak, mila. Mikrobusek, bada, hutsaren hurrengo utzi zituzten taxibus zerbitzuak, hasierako urtean 150.000 bidaiari igo baitziren 36. zenbakidun lineako mikrobusera.
Aparra bezala, kopuru horrek goranzko bideari heldu zion urteen poderioan. Premia berriei erantzuteko, beraz, ibilbidea luzatu zuten 2007an, eta hurrengo urtean, lanegunetako zerbitzuari beste autobus bat jarri eta 20 minutuko maiztasunarekin dabiltza egun mikrobusak.
Aldakoneako mikrobusaren arrakasta ikusita, Uliako bizilagunak taxibusarekin umezurtz ez uzteko erabaki zuen autobus konpainiak. Hala, 2006an, Rodileko taxibusa mikrobusengatik ordezkatu eta Zorroaga-Mendigain alderekin bat egingo zuen 37. linea eratu zuten. Zorroagako nahiz Uliako bizilagunek ez zioten zerbitzu honi bizkar eman. Taxibusak bi mila bidaiari hartu bazituen urtean, 37. linea abian jarri eta zortzi hilabetera, 700 bidaiari baino gehiago ziren egunero mikrobusak betetzen zituztenak.
Bidexka eta kalde estuetatik arazorik gabe mugitzeko mikrobusek hirian aukera zabalak eskaintzen zituztela baliatuz, hirugarren zerbitzua jarri zuten abian 2006ko maiatzean. Hala, Azkuene, Larratxo, Txingurri, Darieta, Eskalantegi eta Molinao arteko ibilbidea egiten duen 38. lineako mikrobusak Larratxoko bizilagunak kiroldegira hurbildu ala Molinaokoei Altzako osasun etxera joateko aukera eskaintzen die.
2006a mikrobusen urtea izan zen, hiru zerbitzu berri abiarazi baitzituzten. 39. lineak garraio publikoak ustiatu gabe zuen hiriko tontor bakarra konkistatu zuen uztailean, Urgull. Aste Santu eta udaro lau urte daramatza zerbitzuak lanean.
Donostiabusen igeltxoek, hala ere, ez dute bost urteko ibilbidean bidea beti garbi aurkitu. Hamaika izan dira topatutako harri koxkorrak, hastapenetan, batik bat.
San Roke eta Aldakonea lotzen dituen mikrobus batek, hala nola, istripua izan zuen 2005eko ekainaren 8an. Lekukoek Irutxuloko Hitzari kontatu ziotenez, aurrean zuen autobus bat gainditzen ari zela, «autobusaren albo batekin jo zuen. Maniobra arraro bat egin zuen eta zuhaitza baten kontra jo zuen». Ondorioz, gidaria eta bi lagun zauritu ziren eta ibilgailua txikituta geratu zen.
Zauriturik izan ez zen arren, ezusteko handia izan zen, halaber, Rodil eta Zorroaga arteko bidea egiten zuen mikrobusa 2006ko abuztuan kiskali zutenekoa.
Ezbeharrik izan ez zen arren, 38. eta 39. liniek ere sortu dute buruhausterik. Trintxerpe-Altza-Molinao zerbitzua abian jarri aurretik, Aldundia eta Udala mokoka aritu ziren. Linea berriak jartzeko eskaera ofizialik egin ez zuela leporatu zion Aldundiak Udalari. Garai hartako mugikortasun udal zinegotziak, bestetik, diputazioarekin egindako bileretan ahozko baimena jaso zutela erantzun zuen. Azkuene kaleko geltokiek eragin zuten tirabira hura, aldiz, baretu, eta oztoporik gabe egiten dute mikrobusek ibilbidea egun.
Urgullekoak ere izan zuen bidean oztoporik, zerbitzua abian jartzerakoan autobusak inguruko lasaitasuna aztoratuko zuen beldur zirenek protesta egin baitzuten.