Maitasun eta intriga istorioak ekarriko ditu Sasibill Elkarteak
Marife Nogales sopranoa eta Andeka Gorrotxategi tenorea izango dira protagonista Sasibill Lirika Elkartearen hurrengo emanaldian. El huesped sevillano zarzuela interpretatuko dute bi gazteek Iker Casares, Iñaki Alaba, Koldo Torres eta Alicia Montesquiei-rekin batera. Sotto Voce Orkestrak eta Sasibill Abesbatzak ere parte hartuko dute ikuskizunean. Juan Jose Ocon ariko da musika zuzendari lanetan.
Toledon girotutako istorioa dakar Donostiako taldeak. Pertsonaiak maitasun eta intriga korapiloan murgilduko dira pixkanaka. Raquel, Maese Andres juduaren alaba da pertsonaia nagusia. Don Diego kontea haren atzetik dabil etengabe. Ustekabean, Juan Luis iritsiko da, gorteko margolari gisa. Erregearen enkarguz, Ama Birjina irudikatuko duen modeloa bilatu behar du Toledon. Raquel da, haren ustez, modelorik onena. Juan Luisek, gainera, kondearen gehiegikerietatik salbatu nahi du Raquel.
Sasibill Lirika Elkartea Victoria Eugenia Antzokiko eszenatokira hirugarren aldiz igoko da aurten. Ostiralean eta igandean izango dira taula gainean, 19:30ean. Sarrerak 36, 28 eta 20 eurotan daude salgai.