Patxi Zubizarretaren hitzak musikatu ditu Joserra Senperenak
Lan eta lan dabil Joserra Senperena musikaria. Bide Ertzean taldearekin ‘Don Inor Ez’ disko berria kaleratu berri du; Rafael Berrioren ‘1971’ azken lana ekoiztu eta musikatu du; Diego Vasalloren ‘Canciones en ruinas’ azken musika argitalpenean ere parte hartu du. Donostiarraren piano hotsak Ordiziako Patxi Zubizarreta idazlearen ‘Joan. Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk’ eleberrian ere entzun daitezke. Txalaparta argitaletxeak plazaratu duen liburuaren barrualdean dagoen DVDan entzun daitezke. Izan ere, literaturaren mugak hautsi ditu Zubizarretak beste behin ere – ‘Mundua lo dagoen bitartean’ nobela antzerki eta musika ikuskizun bihurtu zuen-.
Irakurketaren osagarri gisa, edo modu independentean goza daitekeen gehigarrian Thomas Canet argazkilari madrildarraren ikus entzunezkoak ere bildu dituzte. Irudi bidezko kontakizun iradokitzaileak dira. DVDan, gainera, liburuko seigarren atala ere jaso dute, Martin Tejeriak kontatuta. ‘Sendagile gaixoa’ izeneko ipuin luzean Senperenaren pianoa, eta Maddi Oihenarten ahotsa ere entzun daiteke tarteka.
Lisboan hasten da Zubizarretaren eleberria. Mariok dei bat jaso du. Emakume batek, Joao anaia gaztea Santa Engrazin larri dagoela esango dio. Anaiarengana joan edo ez joan, hori da hartu beharko duen erabakia. Senperenak liburuaren atal bakoitza gogoan, bost fado grabatu ditu. Fado bana istorioko bost pertsonaientzat. Canet-ek, berriz, Senperenaren musika batuz, Granada, Lisboa eta Zuberoan grabatutako bideo bana egokitu die.