Abenduaren 23a da bosgarren zubiko lanak bukatzeko eguna
Espaloiak atontzeko lanetan «ikaragarri ikasi» duela aitortu du Manu Muniategiandikoetxeak.
Askorentzat jai egunen arteko lan egunari izkin egin eta eguraldi epelaz gozatzeko eguna izan zen atzokoa. Ondorioz, Alduene eta Amara batuko dituen azpiegitura berrian lasaitasuna eta jai usaina nagusitzea espero zitekeen. Hilabete bukaerarako zabalik behar duen zubian, aitzitik, bestelako giroa sumatzen da, beharginak jo eta ke ari baitira eguraldi lehorrari etekinik handiena ateratzen.
Gau eta egun jai egunik hartzeko betarik gabe bosgarren zubiaren bi espaloia atondu dituen Manu Muniategiandikoetxea artista dabil. Abenduko zubia aprobetxatzeko aukerarik gabe, paperean landutakoa egia bihurtzeko emandako pauso bakoitza zorrotz aztertzen ari da. Minuturik galtzeko astirik ez dagoela onartu du, gainera. Lanak bukatzeko eguna, abenduaren 23a baita.
Gelditu gabe dabiltzan arren, Lehendakari Agirre zubiko lanak zein egoeratan dauden erakusteko, minutu batzuk lapurtu dizkio Irutxuloko hitzak Manu Muniategiandikoetxeari.
Azaroaren 15ean hasi ziren artista eta bere lankideak baldosak jartzen eta jada espaloia osatu dutela ikus daiteke. Artistak dioen bezala, baldosak jartzearekin, ordea, ez da nahikoa. 400 metroko koadroko esparruan baldosak jarri eta gero, bakoitzaren artean geratzen diren hutsuneak beteko dituen masa botatzea da hurrengo urratsa. Artistak erakutsi bezala, eremu batzuetan begibistakoa da baldosen gaineko geruza zurixka. Behin masak tartetxo guztiak bete dituela, baldosak garbitzea geratzen da duten distira berreskura dezaten.
Euria, bidelagun
Zorionez ala zoritxarrez, euria izan da lanak hasi zituztenetik bidelagun nekaezina. Oro har, eraikitze lanetan euriak eragin handia duela aitortu du Manu Muniategiandikoetxeak. Euria, hala ere, putzuak non sortzen ziren ikusteko baliagarria izan dela nabarmendu du. «Putzuak ziren leku haietan baldosak kendu eta lurzorua berriz indartu behar izan dute, espaloi zuzen eta lau egon dadin».
Zortzi koloreko 45.000 baldosa izango dituen espaloia, aldiz, ez da zubiak izango duen espaloi bakarra. Itsasotik hurbilen dagoen aldean espaloia egiten ari dira ere, eta baldosek arretarik piztuko ez duten arren, ibaia eta inguruari so egiteko terraza itxura hartuko du. Natikoko zabalguneari eusten dioten egurrezko xaflen moduko egitura izango da eta xafla horiek jartzen ari dira egunotan. Behin espaloia osatuta, uraren dantza ikustea ahalbidetuko duten kristalak jarriko dituzte.
Abenduaren 23an zubia inauguratzeko prest egon dadin, lan ugari egin behar da oraindik. Manu Muniategiandikoetxeak nabarmendu duenez, lanean pasa duen bolada honetan aldaketa handia izan da zubian. Egunotan, ordea, aldaketa are esanguratsuagoa izango dela aipatu du, datozen egunetan errepidea eta bidegorria asfaltatuko dituztelako edota Bizkaia pasealekutik ibilgailu eta oinezkoentzat pasabideak egingo dituztelako.
Ikastaro trinkoa
Artelan ugari egindakoa da Muniategiandikoetxea, sekula ez zuen kalean halako eginkizunik burutu, aldiz. Hilabete honetan «ikaragarri ikasi» duela azaldu du, kalean lan egiteak dituen baldintzez gain, halako azpiegitura batean hamaika direlako aintzat hartu beharreko lan esparruak. «Etengabe sortzen dira arazo berriak eta hamaika dira kontuan hartu beharreko alderdiak».
Hori dela eta, lana hilabete bukaerarako prest egon bada ere, Gabonak sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzuten pasa beharko duela zalantzarik ez du Manu Muniategiandikoetxea artistak.