Reala: duela bost urtekoa errepika ez dadila!
Realak Barcelona ahalguztidunaren zelaian jokatuko du igandean, 21:00etan. Joan den asteburuko derbian hiru puntuak lortu eta gero, txuri-urdinak seigarren postuan daude sailkapenean. Beraz, inolako presiorik gabe joango dira Camp Noura, 2005eko urriaren 30ean bezala.
Oraingoan 15. jardunaldiko partida izango da, duela bost urtekoa 9. jardunaldia zenean. Jose Mari Amorrorturen jokalariak bosgarren postuan ziren 2005eko norgehiagoka horren atarian, Barcelonarekin berdinduta. Hala ere, gauzak zeharo aldatu ziren Bartzelonatik bueltan, gerora Ligako txapelduna izango zenaren kontra jipoia jasotzeaz gain (5-0), donostiarrek emaitza txarrak pilatu eta ozta-ozta lortu zuten Lehen Mailan mantentzea. 16. postuan amaitu zuen Realak, jaitsiera postuetatik puntu bakar batera, eta entrenatzaile karguan gorabeherak egonda. Amorrortu bota zuten urtarrilean eta bizkaitarraren lekua Gonzalo Arkonadak hartu zuen. Sansen ibilitako entrenatzaileak, ordea, bi hilabete iraun zuen bakarrik, emaitza txarrek Jose Mari Bakero añorgatarra kirol ardura uztera eta aulkian esertzera bultzatu baitzuten. Denboraldi hartan Alaves, Cadiz eta Malaga jaitsi ziren.
Bartzelonan jokatutako partida ahazteko modukoa izan zen. Mikel Alonso eta Xabi Prieto lesionatzeaz gain, lehen zatia etorriko zenaren aurrerapena besterik ez zen izan. 2-0eko emaitzarekin iritsi ziren taldeak aldageletara eta bigarren zatian abantaila handitu zuten Rijkaarden jokalariek, 5-0ekoa lortu arte.
Barcelonak, Liga ez ezik, Txapeldunen Liga ere eskuratuko zuen denboraldi hartan. Realari dagokionean, behintzat, ea historia errepikatzen ez den.
2005eko urriaren 30eko norgehiagoka: Barcelona-Reala 5-0
Barcelona. Valdes, Oleguer, Edmilson, Sylvinho, Van Bommel, Xavi (Motta, 63. min), Iniesta, Giuly, Ronaldinho (Ezquerro, 72. min) eta Eto’o (Larsson, 79. min).
Reala. Riesgo, Rekarte, Jauregi, Labaka, Garrido, Xabi Prieto (Gabilondo, 27. min), Novo (Larrea, 66. min), Mikel Alonso (Barkero, 18. min), Aranburu, Gari Uranga eta Nihat.
Golak. 1-0. Van Bommel (18. min.); 2-0. Ronaldinho (36. min.); 3-0. Ronaldinho (60. min.); 4-0. Puyol (75. min.); 5-0. Larsson (86. min.).
Epailea. Manuel A. Perez Lima. Horia, Iniesta (32. min) eta Aranbururi (61. min); bi hori, Gari Urangari (54 eta 68. min).
Gorabeherak. 9. jardunaldia. 81.050 ikusle, Camp Noun.