Kuxkuxean, erosten, lanean...
Durangoko Azokara joan ahal izateko azken eguna da gaur; hainbat kulturzalek eta egilek ez dute hutsik egin.
Liburu, disko eta aldizkari artean jende andana ibili da Durangoko Azokan. Kuxkuxean, idazle edota musikari berriak ezagutzen, gustuko diskoak erosten, Gabonetako opariak erosten… Donostiar askorentzat ere ohiko hitzordua izan ohi da. Batzuk, zale anonimo gisa, azokaz lasaitasunez gozatzera joan ohi dira. Beste batzuk, ordea, lanera. Urko Menaia, Koldo Izagirre, Fito Rodriguez edota Jokin Ansorena, besteren artean.
Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru egiatarra lanez lepo ibili dadiskoak saltzen. Sutura, Esne Beltza edota Ze Esatek taldeen azken lanak izan ditu, berritasunen artean. Groseko Ibon Martin, Alvaro Muñozekin batera Travel Bug argitaletxearen sortzailea, ere lan eta lan ibili da. Euskal Herrian zehar oinez, bizikletan edo autoan egiteko gidak dira bere espezialitatea.
Erein argitaletxearen postuan Xabier Etxaniz Rojo eta Arantxa Urretabizkaia idazleak izan dira zaleekin. Etxaniz Rojok, ‘Txatartegirako ipuinak’, kontakizun laburrez osaturiko bildumaren aleak sinatu ditu; Urretabizkaiak, berriz, ‘Hiru Mariak’ eleberriarenak. Txalapartak, bere aldetik, Jon Anza intxaurrondotarrari eskainitako liburua aurkeztu zuen, ‘Jon Anza. El ultimo crimen de estado?’. Haren heriotzaren inguruko ikerketak, eta bere ezagunen adierazpenak dira argitalpenaren ardatza. Koldo Almandozek zuzentzen duen The Balde aldizkariak, bestalde, zenbaki berezia eraman du Azokara. 3D formatuan irakurtzeko eta ikusteko diseinatu dute abenduko zenbakia. Azokan, kultur berritasunen artean murgildu nahi dutenek, gaur izango dute aukera.